X Films Proiektuaren seigarren deialdian hiru artista gazte hautatu dira, Espainian, fikzioz kanpoko zinemagintzan gaur egun egiten ari diren lan alternatibo, duin eta apurtzaileena ordezkatzen duten hiru zinemagile. Carolina Astudillo, Xacio Baño eta Velasco Broca hautatu dira oraingoan beren lana ezagutzera eman, eta entsegu filmatutako proiektu bat aurkez dezaten jaialdian, oinarri geografikotzat Nafarroa hartuta, horixe baita X films: Juan Huarte mezenas eta enpresaburuak antzeko xedearekin sortutako ekoiztetxearen lorratzean, zalantzaren X-a abiapuntutzat hartzen duten abentura filmikoak finantzatu eta babestea.
Horrez gain, jaialdiaren baitan eginen da 2015erako hautatu eta egindako proiektuaren mundu mailako estreinaldia: Carretera de una sola dirección (Norabide bakarreko errepidea), Xiana Gómez-Díaz zinegilearena. Bertan, gizarteak ezkutatutako ibilbide baten berrirakurketa pertsonala egiten du: errepideko prostituzio-etxeak Nafarroan.
 15_45_53.jpg)
‘Carretera de una sola dirección’ (Xiana Gómez-Díaz).
X Films Proiektuaren seigarren edizioko hautapen batzordeak honako kideak izanen ditu: Mercedes Álvarez zinemagilea, Marie Pierre Duhamel zine programatzaile eta komisarioa, eta Alfredo Sanzol antzerki zuzendaria. Haiek arduratuko dira zinemagileek proposatutako lanak jaialdian aztertu eta epaitzeaz; artistek beraiek aurkeztuko dituzte jendaurreko emanaldi batean lehenago egindako lanen pasarteak, bai eta, beste emanaldi batean, Nafarroan filmatutako proposamen berri horiek ere.