Pollet. Etxea eta mundua

Jean-Daniel Polleten zinemagintza bidaiarako gonbidapena da, etengabeko tentsioan dauden aurkakoen oreka baten baitan: mugimendu eza eta trantzea, aurpegia eta paisaia, irudia eta hitza, bidaia eta itxialdia. Nola pentsatu Polleten filmografia? Beharbada gakoa hau da: berridazteko lan etengabea, obsesioaz errepikatutako pieza gutxi batzuetatik abiatuta muntatzea, Cézannek bere Saint-Victoire mendia errepikatu zuen bezala: beti bera, beti desberdina.

"Jokoaren piezak berreskuratu egiten dira: berriz jaurtiko dira, beste batzuk eta berberak, modu berean eta desberdinean."

Barne berridazketa lehenbizi, film bakoitzaren barruan; ondoren dena irentsiko lukeen berridazketa, filmografia baten, bizitza baten pieza solteak oihartzunen bidez elkar lotzen, autoerretratu bat geroz eta jabetuago marrazten. Pieza horiek ideiak dira: itxialdia etxe edo irla batean, espazioetan eta aurpegietan grabatutako memoria, hurbileko errealitatea fikzio bihurtzea. Pieza horiek behin eta berriz agertzen diren irudiak dira ere, batez ere hori dira (beste batzuk eta berberak): Horusen estatuatxo bat, munduaren erdiguneko tenplu bateko zutabe dorikoa, legenaren ausikia daraman aurpegia. Burdinola bateko langileak ere, XIX. mendeko grabatu batetik ateratakoak, eta agure bat edo gizon gazte bat txalupa batean irla baten ondoan (hildakoak gidatzen, eskizofreniatik ihesi, Apokalipsiaren ondoren hondoratzen). Ispiluaren aurrean orrazten ari den emakume bat Grezian edo Proventzan, flotatzen duen memoria-travelling batean piezak amesten eta berrantolatzen dituen neska txiki baten aitzinean duela, Mediterraneoaren memoria, muntaia-aretoan testuak eta irudiak lerrokatu eta errepikatzen dituen zinemagile-demiurgoaren ispilua. Polleten zinemagintzako irudi guztiak lehengai bihurtzen dira, eraldatzen dituen berrirakurketa etengabean, eta horrela, Claude Melkiren aurpegi tristea Pourvu qu'on ait l'ivresse (1957) pelikulan trantzean lehertuko da L'acrobate (1976) filmean; edo Maria Loutrakisenak ez du esanahi bera izanen Méditerranée (1963) eta Tu imagines Robinson (1967) pelikuletan;  Raimondakisena L'Ordre (1974) filmean ikonoa eta sinboloa izanen da Ceux d'en face (2000) izenekoan. 

Jokoaren pieza horiek, gainera, figura filmikoak dira: travelling zirkularra, albokoa, "begirada anitzaren" plano soila; baina denetan erabakigarriena mise-en-abyme gisako planoa da, panpina errusiar baten antzekoa, irudiak, barnean biltzen dituzten beste batzuetan txertatuak: aurpegiak ispiluetan, telebistetako aurreko filmetako planoak, edalontzietan dauden paisaiak. Max-Philippe Delavouët Proventzako poetari buruzko pelikulan, Polletek entzuten dio esaten dagoen guztia bi iruditara bildu beharko balitz, zuhaitza eta eguzkia izanen liratekeela bi irudiok. Polleten tentsio nagusia ere, beharbada, bi iruditan laburbildu daiteke, etxea eta mundua, itxialdiaren eta bidaiaren arteko oreka: hasierako etxe-gaztelu hartatik, La ligne de mire (1958) pelikulan, Polletek Cadeneten duen etxera, Jour après jour (2006) filmeko eguneroko argazkian ager den horretara; Méditerranée (1963) eraikitzeko egindako aurreneko bidaia iniziatiko hartatik, Atenasko Hades-Omonian zehar egindako ibilbide irrealera, Trois jours en Grèce (1991) pelikulan. Eta, agian, bi irudiak, haren lanaren laburpena den tentsio erabakigarria, behin eta berriz agertzen den figura filmiko indartsuan ere sartuta daude, irudi bat beste batean txertatua erakusten duena: etxea munduan, mundua etxean.

«Itzultzen diren eta geldi-geldi elkarrengana hurbiltzen diren irudiak, batzuk besteetan txertatuta, isilean.»

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.