MAENZA, KEINUA ETA HONDAKINAK

1) Bide galduen inguruan kondairak sortzen dira, eta, kontrakoa pentsatu arren, kondairek jakintza sortzen dute. Espainiako zinemaren historian bide galdu asko daude, hainbeste non askotan pentsatu da gure zinema lerro etenen multzo bat baizik ez dela, edo inora ez daramaten bide segida bat, amaierarik gabeko labirinto moduko bat, amaierarik gabekoa eta, are okerragoa, kontaketarik gabekoa. Bide galdu horietako bat kontran zebilen zinemarena zen, hau da, denaren kontra zegoena, zinemaren beraren kontra ere. Hitz-jario merke iraultzailea gaindituko zuen zinema bat, berez iraultzaile bihurtuko zena (eta hori esatea ere oso merkea da). Eta bide galdu hori jorratzera Antonio Maenza etorri zen. Baina arazoa da bere figura bera ere bide galduz betea zegoela. 

Luis E. Parés

2) 

Zer da pelikula bat? Mistikaren eta pragmatismoaren arteko definizioetatik harago, esan dezakegu pelikula bat irudiak denboran antolatzea dela diskurtso bat sortzeko: hau da, pelikula bat muntatutako irudi multzo bat da. Pelikula askotatik zatiak, erregistroak, muntatu gabeko hartualdiak, rush-ak baizik ez zaigu iritsi. Ez lirateke pelikulak. Horien kasuan, iritsi zaigun diskurtso bakarra lotu gabeko irudietatik abiatuta guk geuk eraiki dezakeguna da. Eta gelditzen dena, beraz, keinua da. 

3) 

Eta zer keinu zinematografiko iraultzaileagorik zinema bera baztertzea baino. Flash-a: Kábala 9 en 16 para 4 en 8 pelikula hau izateko pentsatu zen: bederatzi pertsonak 16 mm-ko pelikula batean parte hartzen, eta beste lau pertsona 8 mm-ko beste pelikula bat egiten. Baina 16 mm-ko kameran zuzendariak ez zuen zeluloiderik sartu, nahita. Jokatzen ari ziren aktoreekin pelikula bat filmatu zuen, sekula inpresionatuko ez zena. Ez zen zinema-zuzenekoa, zinema zuzenean baizik. Pelikularik gabeko zinema, behin baino gertatu ez zena. Zeluloiderik gabeko kamera horren atzean zegoen zuzendaria Antonio Maenza zen, modernitatea zatikakoa, lokabea, eklektikoa eta apetatsua zela ulertzen hobekien jakin duen zuzendari espainiarra. Diskurtso baten esanahia beste diskurtso batzuen txatalez osatua dela. 

4)

Antonio Maenza Teruelen jaio zen 1951n. Teruel mortu bat zen arren, Maenzak lortu zuen arrapaladan irakurtzea garai hartan modernitatearen sinonimo zen guztia (eta, ondorioz,  iraultzarena ere): estrukturalismoa,  situazionismoa, marxismoa... Handik Zaragozara joan zen Filosofia eta Letrak ikastera, eta han zine-kluben partaide eta antolatzaile ohikoa bihurtu zen, bai eta hiriko giro underground-en aitzindari ere. Zaragozako Unibertsitatearen laguntza bat jaso zuen bere lehen pelikula egiteko: El lobby contra el cordero; handik Madrilera joan, eta bertan zinemagile independenteen taldearekin harremanetan jarri zen (Augusto Martínez Torres, Iván Zulueta, Vicente Molina Foix…). Ikasketak uztea erabaki zuen. Madriletik Valentziara joan zen. Eduardo Hervás ezagutu zuen bertan, abangoardiako poeta eta nerabe madarikatu bat, eta harekin hasi zen bere bigarren pelikula filmatzen: Orfeo filmado en el campo de batalla. Antonio Hervásekin haserretu ondoren, Bartzelonara joatea erabaki zuen, eta Pere Portabella konbentzitu zuen pelikula bat ekoizteko. Portabellak haren neurriko talde teknikoa jarri zion (argazkiaz Manel Esteban arduratu zen, eta makillajeaz Fabià Puigservert), eta Maenza landetxe batean sartu zen, kontran zebiltzan intelektual finenekin:  Emma Cohen, Enrique Vila-Matas, Carlos Otero, Xavier Miserachs. Ondoren, soldadutzarako deia jaso zuen eta zerbitzua egitera joan zen, lehenbizi Zaragozara eta gero Huescara, 1969ko abenduan. Umilazio etengabeak eta atxiloketak jasan zituen maiz. Soldadutza 1971ko maiatzean amaitu zuen, ama hil zenean, eta handik gutxira Eduardo Hervásek bere buruaz beste egin zuen. Bere bizitza eta taldea berregiten ahalegindu zen Valentzian, eta ez zuen lortu. Bere osasun mentala hondatzen joan zen. 1974an Béterako psikiatrikoan sartu zuten, eta zazpi elektroshock jarri zizkioten. Ondoren Teruelgo Ospitale Psikiatrikoan sartu zuten, 1976an. 1979ko azaroaren amaieran zauri larriekin aurkitu zuten bere eraikineko atean, Teruelen. Zaragozako ospitalera eraman zuten, eta han hil zen 1979ko abenduaren 12an, zaurien arrazoia argitu gabe. Suizidioaren ideia frogatu gabeko ebidentzia da. 

Hil ondoren, berak egindako pelikulen arrastoa artxibo ezezagunetan galdu zen. 1991n, Javier Hernández eta Pablo Pérez historialariak hasi ziren arrastoaren atzetik. Lehenbiziko bi pelikulak Arturo Pousaren artxiboan aurkitu zituzten, eta Vicente Ponceren etxean, berriz, dokumentu ugari, horien artean gainerako idazki literarioak eta lan zinematografikoak. Pere Portabellak Hortensia pelikularen lan-kopiak zituen. 1991n Séptimo medio indisponible eleberria argitaratu zuten estreinako. Maenza agertzen hasia zegoen bere hondakinen artetik, edo, hobeki esanda, bere hondakinekin: pelikulak hain bukatugabeak dira non inor ez baita ados jartzen noraino dauden bukatuta esateko. 

5) 

Maenzak ez zuen bere pelikuletako bat bera ere amaitu, hau da, soinua jarri eta behin betiko bertsio aldaezin bat muntatu, proiekzio guztietan errepikatu beharrekoa. Are gehiago, pelikuletako asko asmatutako tituluak dira, sekula filmatu gabeak: Vaquilla del Ángel, Boda de mi hermano, prohibido el paso, Las ruinas, Conversaciones con Luis Buñuel… Errodatzeko ekintza baino inportanteagoa zen imajinatzeko ekintza, surrealisten garaietatik subertsioarekin identifikatzen duguna. Hiru pelikula gelditu dira: El lobby contra el cordero, Orfeo filmado en el campo de batalla eta Hortensia-Beancé. Baina hiru lan horiek amaitu gabe egonda ere, garai baten oihartzuna iristen zaigu, garai bat non mundua alda baitzitekeen burgesak epatatuko zituen pelikula batekin, buruetara iraultza ekarri eta adierazpenerako bideak irekiko zituen filmarekin. Maenza kate-begi galduaren gisa ageri zaigu, zinema espainiarrak garatu gabe utzitako bidean: zinema zeharo librea, konprometitua eta erradikala. Zenbait gidoi, sinopsi eta ohar gorde dira, baita artikulu teorikoak ere, eta horietan etorkizuneko zinema nolakoa izanen den adierazten du: berak egiten zuenaren oso antzekoa. 

6)

El lobby contra el cordero (1967-68) pelikulak lau orduko iraupena izan zuen, baina egileak bi ordura eraman zuen. Kopia hori iritsi zaigu. Inoiz ez zitzaion soinurik jarri. Ez dakigu nolakoak ziren proiekzioak, baina aldez aurreko gidoi batean esaten da pelikula soinuz betea egonen zela, eta kontrapuntuaren zeregina beteko zutela. Hemen, subertsioa pop da, eta koloretako zatiak daude, eta larru gorrizko txupa bat jantzia duen pertsonaia bat liburu bat lapurtzen ikusten dugu. Egitura narratiboa saski-naski bat da, dena sartzen da, desordena atseginean: ikonoak, zinemako afixak, aldarrikapenak, situazionismoa, Rimbauden aipuak, metazinema ("pelikula hau 500 W 1 tomavistas Paillard motako foku zahar-zahar batekin egina da"). El lobby filma collage pop bat da, ibai-pelikula bat eta happening xaxatzaile, ganberro eta kaletar bat, zeinean ongi pasa beharra baitzegoen, botereak gaizki pasatzeko modua horixe zelako. 

7)

Orfeo en el campo de batalla (1968-1969) Valentzian filmatu zen eta haren lan-kopia bat gelditu zaigu, 36 minutukoa, logika narratiboarekin muntatua. Ez dago soinu-bandarik, baina Luis Puigen bitartez jakin dugu pelikulari soinua zuzenean jartzen zitzaiola proiekzioetan, disko batekin (Monteverdiren Orfeo eta Frank Zapparen abestiak) eta hiru ahotsetan irakurtzen zen testu batekin. Hasierako eszenan bi gizon daudela ikusten da, kale erdian ate bati eusten. Atean hauxe dago idatzirik: “Haurtzaroko gure deformazioen jatorria sukaldean dago”. Atea ireki, eta zenbait pertsona pasatzen dira, zerbait idatzirik duten maindireak eskutan.  Esaldi hau osatzen dute: “Iraultzak sakrilegio bat kontsakratu zuen printzipio sakratu berri batean”. Azkenaurreko eszenan bi gizon eta emakume bat ikusten ditugu hiruko bat egiten,  gela batean irakurtzen eta Trostkyren posterra jartzen edo arbela batean esaldiak idazten: “Film baten balio estetikoa zeinuaren formaren eta haren edukiaren artean dagoen distantzia da” edo “Estatu parafaxista batean ezin da paraklandestinitatean jardun, erabateko klandestinitatean baizik”. Orfeo aipuen artean galdutako gazteriaren testigantza da, betiere erabateko immolazioaren hatsa gorde duen gazteriarena (edo sublimazio suizidarena). 

8)

Hortensia/Beancé (1969) pelikulaz dakiguna da Maenzak muntaia bat egin zuela Manel Estebanekin, Carles Santosen musikarekin, eta muntaiak 120 minutuko iraupena zuela. Muntaia hori galdu egin da, eta gorde den bakarra 240 minutuko lan-kopia bat denez, zaila da interpretazioa eta egitura narratiboa igartzea. Planoak zainduta daude eta argazkia zehatza da, jauzi handia da beraz aurreko bi pelikulekin alderatuta. Pelikula hau happening-ari eskainia dago, garai hartan boladan baitzegoen, eta alienazio kulturalari buruzko meditazioa da, Estatu Batuetako bandera nonahi ageri dela, esate baterako, plano batean, Emma Cohen lurrean etzanda ageri da eta kamera haren baginarantz hurbiltzen denean travelling batean. Hortensia Maenzaren helduaroko lana da, helduarora iristea savoir faire teknikoa lortzea dela ulertzen badugu.  Baina helburu bera zuen: nouvelle vague eta Mao nahastea, jendarte berri bat aurrera ateratzeko. 

9)

Maenzaren obratik, gaur egungo ikuspegitik, keinu bat gelditzen da, subertsioaren plazeragatik eta erreboltaren agindu moralagatik filmatzearena. Kalera 16 mm-tan erregistratuko ziren aldarrikapenak jaurtitzera ateratzeko abentura ere gelditzen da. Eta zinema era guztietako gauzei eta eraginei tokia egiteko moduko etxea bezala ulertzea ere gelditzen da. Maenzaren zinemak erakusten digu zineman dena sartzen dela, collage asimetriko eta indartsu batean bezala, aipu politikotik hasi eta perfomance erotikora, txantxa pribatutik saiakera literariora. Zinema beste tresna filosofiko bat bezala ikusteko errebeldia eta kontzientzia gelditzen dira, psikoanalisiaren edo poesiaren parekoa dela esateko. Eta kontran doazen diskurtsoak eraikitzen jarraitzeko beharra gelditzen da, hondakinetatik abiatuta, berreraikuntzarako ez ezik berrinterpretatzeko, bereganatzeko, xurgatzeko modukoak baitira,  gehienbat. Baita sorkuntzarako gai ere. 

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.