Kartela

Alderantzizko hegaldia

El Vuelo Inverso

Irudi bat non sortzen da? Beti gure gogoan? Edo, aldiz, gure buruetatik at dauden objektuak dira? Horrela bada, guk dugu irudietara jotzen edo irudiak dira guregana bideratzen eta ailegatzen? 2017ko gure ekitaldirako irudia hautatzeko lanean genbiltzan, eta hara non irudiak gu hautatu gintuen. Hori bizi ondoan, zalantza horren erantzunera hurbildu ahal izan gara. Hegaztiak txinbo kaskabeltza du izena, eta auzitegi-mediku baten deskribapenak erranen lukeenez, jarrera etzanean ageri da, zendu berria, betazal bilduak, hegal oraino epelak, buru noragabetua.

Baina jo dezagun kontakizunera, Punto de Vistan haren aldeko apustua egin baitugu beti. Inoiz ez zaigu gustatu irudi umezurtza, ipuinik gabeko ikonoa, poster balioa baizik balio ez duen posterra. Eta hemen mamia dago, gustatzen zaigunetarik, misterioz eta erantzunik gabeko galderaz beteriko mamia. Hegazti adoretsu honek gure irudia eta jaialdiko sinboloa izan nahi izan du; horretan tematu da martiri bilakatzeraino. Horrexegatik ez genuen errefuxatu ahal izan haren azken sakrifizioa. Gauza jakina da aireko kamikaze bat are lurtarrik zalantzatiena ere konbentzitzeko gauza dela; guk, seinaleei fidakor, batik bat zerutik heldu badira, amore eman diegu haren arrazoi berunezkoei. Nola? Honela:

Jaialdiaren diseinatzailea eta lerro hauen sinatzailea eztabaida bizian ari ginen. Eztabaidagaia, hegaldiari eta hegan egiteari eskainitako gure hurrengo ekitaldia jantzi behar lukeen irudia. Zenbait baztertuak genituen jada. Indar falta. Edo kontzeptutik urruntzen. Ideien agorraldira gindoazen, beraz, noiz eta ere, aurtengo irudiaren bisita hartu baitzuen diseinatzailearen leihoko kristalak: txinbo bat, udazkenak nahasirik, gure erabaki ezinari konponbidea ekartzera etorri zen, estudioko berinaren kontra bortizki eta buruz buru talka egin ondoan gure arreta erakarrita. Hil ondoko ekintza bat, enigmaz bezainbat argitasunez betea. Hartara gure hasierako zalantza, gu gara irudira joaten edo irudia gugana etortzen? Honako honetan erantzuna argi dago. Alderantzizko hegaldia da, irudiak irudimenera egiten duena, haize-kontra, Punto de Vistako nortasun agirian hainbertze maite dugun bezala. Gure hastapenetik, norabide aldaketetan sinetsi dugu, baita haien aldeko apustua egin ere; beti egin diogu lekua gutien espero den errealitateari. Orain, printzipio horiei leial, ez diogu uko egin ahal izan irudi honek gure jaialdiko ikonografian oldarka egin duen sarrerari.

Argi dago: musak, agertokira agertzeko aiher, deliberatzen dira inspiratu behar duten izakiaren gainera jauzi egitera, bereziki gorreria baten aitzinean. Gisa horretara, Punto de Vistak gaurdaino bere saindu kuttunak bazituen, bere lehen martiria du hemendik goiti: heroi bat, pilpiratzetik gelditu dena heldu den martxoan guri lagun egin ahal izateko, gure ideia zerutiarren ordezkari lurtar, arestian iradoki bezala. Bere 14 zentimetro eskasetan, bere lumaje garbi-garbian, bere begi-mozorro ilunean, txinbo honek, aireko ehiztari eta airearen ekortzaile, bereganatzen eta laburtzen du gure jaialdia ardaztuko duen kontakizun guztia, eta hori behako batez egiten du, edo, areago, itzulerarik gabeko keinu batez. Horixe baietz, hegan egin nahia da aurtengo gaia. Horretarako, filmen programak zerura goitituko gaitu, haizearen joana eta hodeien etorria begiztatzeko; hegazkinen, belatzen eta aireko gainerako biztanleen harat-honatak kontatuko dizkigute; orbitan jarriko gaitu, mintzatzen zaigularik lurra halako batzuetan husteko premiaz eta gizakiak hegaztiei betidanik gutiziatu dien arintasun-ametsaz. Hegan egitea izanen da 2017ko Punto de Vistako mintzagaia; 2015eko Punto de Vistakoa Uharteak eta 2016ko Punto de Vistakoa Denbora izan zen gisa berean. Gure txartel-txoriak airez aire bidaiatzera gonbidatzen gaitu, kontraesan eta guzti, haren hegaldi etenak ezin hobeki laburbiltzen baitu zertaz mintzatzen garen hegaldiaz mintzatzen garenean, hain zuzen ere haren etendura erakutsita. Hegaz egiteak gizakia ezkutatzen du, baita haren misterio guztiak ere. Poetak erran bezala, heriotza hegaduna bi aldiz da heriotza / eraisten baitu igurtzi baizik behar ez zuena.

Txukuntasuna da honen guztiaren hobendun, erran genezake azken beltzean. Gure hegazkinlari maitearen eszenaren partzuerra izan ahala, gogora etorri bezala erran nion diseinatzaileari: “Hara zer gertatzen den kristalak hain garbi izateagatik, airea iduri baitute”. Hala da. Gardentasun atzigaitz hori gabe inoiz ez genukeen ospatuko hain opari magikoa. Hemendik goiti, arkatzeki, borragomekin, after design-ekin, aizturrekin, bolalumekin edo koadernoekin batera, kristal-garbigarri on bat gehitu behar diegu beti gure lanabesei. Hala baizik ez da miraria berriz gertatuko. Prest egon behar dugu hondarreko argiaren bila gu baino irmoago abiatzen direnen bisita onartzeko.

Eta duda bat, akitzeko: nor da irudi honen egilea? Duda horrek hasieran geure buruari egin diogun galderara garamatza. Honako honetan, irudia baldin bada guregana etorri, egilea txoria bera da, ez bertze inor. Harendako izanen dira eskubide guztiak eta copyright-a. Haren balentria eskaneatzea, horretan gelditu da gure parte hartzea. Ez da argazkirik hemen, ez eta erretraturik ere, gorputz erreal bat baizik ez. Horregatik ez da harritzekoa aurtengo txartela inork ez sinatzea. Irudia du sinadura. Txoria, bere egile. Agiri digitala iduri, eskaneatzeak azpimarratzen du materialtasun eta fisikotasun hori. Dokumentalen jaialdia gara. Sormenik ez da. Txori bat da, egiazko txoria, hezur-haragizkoa, luma, moko eta hegal. Ukigarria. Sentigarria. Bizigarria.

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.