Tamara García (Lasarte, 1978) Aguilar de Campooko Nazioarteko Film Laburren Jaialdiaren zuzendaria izan zen bost urtez. Las voces, Utah, Txalaka, El cuerpo de la mujer sin sombra eta Paraíso filmak zuzendu ditu. Horretaz gain, kultur kudeaketako hainbat lanetan ere parte hartu du (ELLAS 2017 programa, MACBA Buenos Aires; Imágenes Secuenciadas 2021, Artegunea Kutxa), baita Atekaleun zinema ekoiztetxearen sorkuntzan ere, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera. Ekoiztetxearekin Ferreyra film laburra zuzendu dute eta O Gemer (Xabier Erkizia, 2021) film luze esperimentala ekoitzi.
Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) zinegilea da. Artea eta zinea ikasi zuen, Bilbon eta Bartzelonan, eta Fulbright bekaduna izan zen, New Yorken. Orain, fikziozko bere lehen lana amaitzen ari da (Unicornio film laburra), eta lehen film luzea garatzen (Anekumen). Azken proiektu horri heltzeko, ikerketa-egonaldia lortu zuen Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, baita Eusko Jaurlaritzaren Ikertu ikerketa-beka ere. Bestalde, NOKA mentoring-programaren barruan hautatu zuten, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Tabakalera Zentroan. Pasaia Bitartean (2016) eta Euritan (2017) filmak nazioarteko zine-jaialdietan eta museoetan proiektatu dizkiote.
Elisa Celda (Madril, 1995) zinemagilea eta Lejos lejos kolektiboko kidea da, eta handik egiten ditu produkzio- eta programazio-lanak. Bere obra hainbat jaialdi eta gunetan aurkeztu da: IDFA, Documenta Madrid, Premiers Plans, Curtocircuíto, Play-Doc, Madrilgo El Círculo de Bellas Artes eta Montevideoko CCE. O arrais do mar bere azken laburmetraiak La Casa Encendidaren Generación 2020 eta Porto/Post/Doc Jaialdiko Arché sariak lortu zituen. Ikasketak Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan eta Madrilgo ECAMen egin zituen.