Nazioarteko estreinaldia
"Liburu honi falta zaion zatia beha ezazu, hor, zure etxean nunbait gorderik dago. Zure eta neurearen arteko bidea erdiraino ibiltzen saiatu naiz; ezin ninteke aurrerago joan. Zure zureari diotan begiruneak ez dit gehiagora uzten.” Joxean Artze
Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina. Muntaia deritzon zinearen magia horrekin egindako poema, errealitatean elkartu ezin dena elkartzeko aukera ematen duena. Film honek terraza bereko bi denbora elkartzen ditu kliska batean, itsasoaren soinua eta metroko tunel baten irudia gainjartzen ditu. Hainbat hamarkadako tartean bizi izan diren bi txori elkartzen ditu, bakarrak diren bi txori eta, aldi berean, txori bera. Agian horixe da muntaiaren magia: «aldi berekoaren» magia hori. Ametsetan gertatzen den bezala, denbora eta espazioa nahasi egiten baitira. Agian, irudietan lotan ikusten ditugun haur horiek amestutako ametsa da film hau, bat-batean helduak baina oraindik lotan aurkitzen direnak. Amets horietako bat, esnatzean ez dakiguna egiaz gogoratzen dugun ala berrasmatu egin dugun kontatzen saiatzean. Zentzuz beterikoak eta aldi berean iheskorrak diren amets horietako bat. Zalantzakoa eta aldakorra bada ere, gogoan gorde nahi dugun amets horietako bat; izan ere, badakigu zerbait esaten ari zaigula, zerbait garrantzitsua.
Pablo García Canga