Irudia: Isabelle Stachtchenko, Miryam Charles
Edizioa: Xi Feng
Produkzioko diseinua: Georges Michael Fanfan, Annick Marion
Berlinaleko Forum Saila, IndieLisboa, Hot Docs Kanadako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, Olhar de Cinema (Curitibako Nazioarteko Zinema Jaialdia), Trinitate eta Tobagoko Zinema Jaialdia, Montrealgo Zinema Berriaren Jaialdia, Viennale, Novos Cinemas Nazioarteko Zinema Jaialdia.
Bridgeport, 2008. Neska gazte bat urkatuta agertu da bere gela. Itxura guztien arabera, bere buruaz beste egin du, baina autopsiaren txostenak beste zerbait erakusten du. Hamar urte geroago, argitu gabeko krimen haren iraganeko arrazoiak eta etorkizuneko ondorioak aztertu ditu nerabearen lehengusina eta zuzendariak. Biografia imajinatu bat balitz bezala, bizi espazioaren segurtasunaren eta hori arriskuan jar dezakeen indarkeriaren arteko harremana aztertzen du filmak.
2008an bere logelan urkatua aurkitu zuten Tessa, hamalau urteko neskatila. Autopsiak frogatu zuen neska bortxatu eta hil egin zutela urkatu aurretik. Handik hamar urtera, Cette maison egin zuen Miryam Charles lehengusinak, bere lehen film luzea. Proposamen argi batekin hasten da filma: Schelby Jean-Baptiste aktoreak, Tessaren papera egiten duenak, denboran zehar eta hiru espaziotan barrena bidaia egitera gonbidatzen gaitu: Haiti, Estatu Batuak eta Kanada. Aktoreak kamerari begira adierazi du filmaren protagonistak direla bera, Tessaren paperean, inoiz existitu ez den gorputz heldu batean, eta haren ama. Gonbita argi dagoenean, hasi egingo da bidaia. Eta, hain zuzen ere, Tessa eta bere ama agertuko dira hasieran, koadro bati begira, Haitiko paisaia bat ageri duen koadroa, herrialde hartakoak baitira jatorriz. Eszenaratze oso teatrala da, dekorazioa esplizituki eraikia. Iluntasunez inguratuak, alfonbra batean eserita daude bi aktoreak, koadroan ageri den paisaia ederrari begira. Oso presente dagoen itsasoko soinu batek osatzen du irudia. Eszenaren teatraltasunak eta eszena osatzen duten elementuen presentzia argiak agerian uzten dute fikzioa nola eraiki den. Zuzendariak filmaren fabrikazioa ikusarazi nahiko balu bezala. Eta ez hori bakarrik, Charlesek, 16 mm eder baten bidez, lortzen du zinemak bere indar guztiarekin liluratzea «istorio bat, beste istorio bat. Ezinezko istorioa» idazten saiatzean. Izan ere, ezinezko istorioak kontatzeko aukera ematen du zinemak. Zinemari esker, hain zuzen ere, Tessak kontatuko digu bere historia, bere jaiotza eta bere heriotza.
Lur Olaizola