Munduko estreinaldia
Sofia, Txileko armadari buruzko dokumental artistiko bat egiten ari den kazetari gaztea, amonarekin bizitzera itzultzen da, amodio porrot baten ostean. Orduan, Maria ezagutuko du, amonarenaz oso bestelako ikuspegia duena militarraren legatuari buruz, historiak markatutako herrialde bateko tentsioen isla.
«Ulergaitza, lausoa, barbaroa»: horrela irudikatzen zuen Glauber Rocha-k etorkizunean kontatuko zuen zinema, eta konturatzen zen ildo hori etenda geratu zela Buñuel-ek L'Age d'Or filma egin zuenez geroztik. Carolina Adriazolak eta José Luis Sepúlvedak hogei urte daramatzate genealogia horretan sartzeko modukoak izan daitezkeen filmak egiten eta, gaur egun, film sortarik desafiatzaileenetako bat dira zinema garaikidean. Film berrian, euren ohiko gaietako batzuei heltzen diete berriro: pertsonaren eta maskararen arteko arrakala, eta tarte hori nola baliatzen ahal den egoera anarkiko eta ezegonkortzaileak sortzeko, non itxurakeriaren eta egiazkotasunaren arteko mugak eraitsi egiten diren satira ankerraren bitartez, baina hain da ankerra, ezen hala denik ere ez duen ematen. Cuadro negro filmean, proiektu izugarri bat (Txileko armadari buruzko dokumental bat egitea) hartzen da alegiazko esparrutzat, zinemagileen filmografian emakumezko pertsonaia gogoangarrietako bat den protagonistaren (Sofia Gomez harrigarriaren) erretratua ez ezik, gizarte oso baten erretratua ere egiteko. Herrialde hori krisialdi sistemiko bat bizitzen ari da; horregatik, plano bakoitzean hondamendi-kutsu bat hautematen da. Pertsonaia nagusia ardatz izanik, bere inguruan dabiltza gizarte batek sortzen ahal dituen posizio antagonikoenak. Dokumentalista-lanak soldaduei aginduak emateko aukera ematen dio, baina atmosfera umiliagarri batean ere murgiltzen du. Filmaren polaritate hori eta bokazio historikoa ezin egokiago jasotzen ditu izenburuak: hain makabroa izateagatik, erakutsi ere ezin den gertaera bat.
Manuel Asín