Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Maryam Tafakory (zuzendaria) eta Margot Meccarekin (programatzailea).
Dariaren historia amodiozko eta errepresiozko istorio bat da. Herrialde baten historia da, baina baita loreen hizkuntza sekretuaren eta zinema irandarraren artxibo-materialaren ahalmen sinbolikoaren bidez amodio lesbiko bat kontatzen duen emakume batena ere.
Maryam Tafakory-ren zinemaz hitz egitea Irango balizko kontrahistoria bati buruz eta Irango zinemari buruz hitz egitea da. Bideo-entsegu oroitarazleak, gehienak iraultzaren ondoko filmetako irudiekin eginak, zinemagilearen herrialdean dagoen askatasunik eza eta zentsura oinarri hartuta sortuak. Keinu ikusezinez eta irudi sinbolikoz betetako zinema, esan eta erakutsi ezin dena oinarri hartuta egina, non poetikoa denak eta politikoa denak bat egiten duten. Emakume irandarren aurkako bidegabekeriak salatzen dituena, emakume horien diskurtsoa isilean gordetako gerren mundu honetako edozein gizarte heteropatriarkaleko diskurtsora zabalduz.
Zinemagile horren azken film erakargarriak Dariak bere maitale Abiri idatzitako gutunak ditu abiapuntu. Amodio debekatu bat, errepresio bortitza pairatzen duena eta zinemagilearengandik iraganeko irudien bidez esanahi berria hartzen duena. Daria itsasoa da eta Abi urdina, hasiera-hasieratik pantaila osoa hartzen duen kolorea. Olatuen soinuak askapen gisa egiten du durundi. Off-eko ahotsak kontaketa bat xuxurlatzen du, nolabait azaldu eta arintzen duen maitasunen lorategi ezkutu baten bidez sarbidea ematen diona. Irudiak loreen pigmentuz bustitzen dira, ernetasun-egoeran sartzen dira, pantaila tapiz bihurtzen da eta bidegabeki ezkutatu zena agertzen da tapiz horretatik. Orain arte ikusezina zena azaleratzen da.
Antonio Miguel Arenas