Bill Morrison egoerarik okerrenean zeuden film zaharretako materiala biltzera dedikatu zen eta denboraren atzaparkada eder horiek eskaintzen dizkigu negatiboen gain zi(s)nemaren abestia bailitzan. Soinu-bandak hari horri jarraitzen dio ezin ordainduzko desafinatutako piano-multzo eta zorionez deskoordinatutako orkestra batekin. Bada zinemaren antologiara igaroko den boxeolari baten planoa; negatiboan agertu ohi diren orban beltz horietako batekin lehiatzen den boxeolaria, kolpatu eta behin eta berriz kolpatzen duena orbana gero eta gehiago hazten eta kolpeen aurrean erreakzionatuz mugitzen den bitartean, denbora eta bere hondarrak egurtzen dituen borrokalaria balitz bezala. Gainerako filmak abandonuaren bankete, hondamenaren ospakizun dira eta gainbehera dute bertute, galtzeko arriskuan dagoen filma balitz bezala aurkezten den filmean.