Filmografia: Evangelio mayor (2021), Calavera resumida (2020), Evangelio en Granada (Meta) (2019), Testimonio de Frederman (2019).
Mundu-mailako estreinaldia
Evangelio Mayor filma Josete Massa eraikinean dago grabatua ia guztia, 2019 eta 2020 bitartean Madrilen adineko LGTBIQ+ pertsonentzako egoitza publikoa bertan ezartzeko zaharberritzen ari zen eraikinean. Hori era horretako lehen egoitza da munduan. Eraldatzen ari zen leku horretaz baliatu da filma, bi gauza eszenaratzeko. Ramón Barreiroren testigantza argi eta gogorra da lehenengoa. Laurogeiko hamarkadaren hasieran hiesak harrapatu zuen, eta bizirik atera zen urte askoan borrokan aritu eta ondorio larriak izan ondoren. Bigarrena, lau ebanjelioetatik (batez ere Juanenetik) ateratako elkarrizketa batzuk, non adineko LGTBIQ+ pertsona batzuek «berriro eta modu berrian esaten baitituzte hitz zaharrak», filmaren hasieran irakur daitekeen karteletako batek dioen bezala. Eszena labur horiek, ebanjelioko gertakari asko itzuli, parafraseatu edo glosatzen dituzten koadroen segida dira, eta «errugabeen artean errugabeak, fariseuentzako biraozkoak» izateko pentsatuta daude. Probokazioa ez da, noski, asmo nagusia, ez eta ironia, horiek egituratzeko erabili den materiala. Aitzitik, filmak ulertzen du Bibliako testua, belaunaldien artean partekatutako erritualen eta istorioen oinarri gisa, esparru zabal edo kode handi bat dela, modu dramatikoan aprobetxa daitekeena. Horixe gertatzen da Evangelio mayor filman, ebanjelioko gertakariek balio baitute hain antidoktrinarioa den eduki bat sinbolizatzeko, hau da, LGTBIQ+ pertsonen bizitza eta heriotza esperientzia, eta, bereziki, haien artean ahulenak direnena, adinekoena. «Gizona zara, Jainkoa jada ez da, ikas ezazu zure gizatasuna gurtzen», idatzi zuen William Blakek El evangelio eterno liburuan duela berrehun eta berrogeita hamar urte. Evangelio mayor filmean ikusten, entzuten eta sentsualitate materializatuarekin sentitzen ditugun pertsonak Blake baino are urrunago doaz, proposatzen baitute haien gorputzen bizitasuna eta hitzen berotasuna mirestea, espeziearen eta haren genero ezagunen gurtze osatugabeaz haratago.
Manuel Asín
"La Caixa" Fundazioa sortzen laguntzeko programaren esparruan ekoitzitako filma.