Estreinaldia Espainian
Sumo, rock argentinarraren talde enblematikoenetako bat, kontzertu historiko baten prestaketa lanetan eta kontzertuan bertan: taldearen azken diskoaren aurkezpena, ‘Obras’ mitikoan, Luca Prodan liderra hil baino bi hilabete lehenago.
«Dokumentu bat», filmaren hasieran agertzen den kreditu xumearen arabera. Egia esan, After Chabon diskoa aurkezteko Sumo taldeak 1987ko urriaren 10ean Obras estadioan eskainitako kontzertu mitikoa zuzenean eta urgentziaz grabatzean Rodrigo Espinak egindako keinu zehatza egituratzen duen filma. Taldeko lider karismatikoak, Luca Prodán-ek eskatu zion grabazioa egiteko, ez baitzuen uste urte amaierara bizirik iritsiko zenik. Eta halaxe izan zen. Irudi horiek eta José Luis Garcíaren muntaketa-lanak –ia berrogei urte geroago antolatu baitzuen materiala– handikiro itzultzen digute adiskidearen eskaera larria. Kamera Lucaren azalari eta urratsei itsatsita ageri da; hain itsatsita, ezen askotan Luca bera ikusteari edo entzuteari uzten baitiogu, baita lurra ukitzeari ere. Musika-dokumental bat? Bai, hala da; gertatzen dena da kamerak ez duela ez musika, ez kontzertua enkoadratzen, eta guri agertzen zaiguna ez da hainbeste agertokian gertatzen dena, baizik eta agertoki inguruan, kamerinoan, kamerinotik abiatzen diren korridoreetan, inguruko tabernetan gertatzen dena. Aurrefabrikatutako forma ororen gaitzespen, eta bizimodu garbi eta gogor batekiko konpromisoa, azkeneraino. Benetako ikuskizuna kontzertuan baino gehiago, atarikoan egonen balitz bezala; gero gertatuko den horretan baino gehiago, agertoki batera igotzeko behar den energian; garai hartarako, bere burua itzal, irudi zela bazekien horren eguneroko bizimoduan.
Manuel Asín