Estreinaldia Europan
6 urteko Ninak, nire alabak, lotura berezia du etxeko zuhaitz batekin. Egunerokotasun horren hauskortasunaz eta iragankortasunaz jabeturik, S8 erroilu batean erregistratu nuen. Arratsalde batez mendian harekin paseoan nindoala, kontatu zidan berak zuhaitz bat duela eta zuhaitzek gure memoriak gordetzen dituztela.
Neska-liana bat zuhaitz batean gora doa. Esku eta oinetako azal biluzia egurrean bermatzen da; heldu egiten dio; besarkatu egiten du. Elkartu egiten dira hanka-adarra, zurtoin-behatza; ilea adarrekin korapilatzen eta nahasten da, eta zilborra enborretako zuloekin. Orain gizaki zatiak orain zuhaitz zatiak erakutsiz, kamera mugimenduek harreman sinbiotikoaren ideia eraikitzen dute, eta ideia hori indartu egiten du gizakia-zuhaitza muntaketa-errimak, zeinak azpimarratzen duen ukimenaren garrantzia, kontaktuarena, loturarena. Harreman hori ama batek (zinemagilea) bere alabarekin (Nina haurra) izan dezakeen harremana bezain sinbiotikoa da. Izan ere, zuhaitzak oso eginkizun garrantzitsua du: oroitzapenak gordetzen ditu. Super-8 kamerak bezala. Azken horrek ere badu bere hutsune-zilbor-zuloa, eta pixka bat urratuta dago —zuhaitzaren azala bezala, neskaren belaunak bezala—. Begi aurrean ditugun irudiak ez dira soilik Ninaren irudiak; Ninarentzako irudiak ere badira, eta zuhaitzarentzakoak. Konplizitate uneen erregistroak dira, ostadarra bezain une eder eta iheskorren erregistroak, oroimenean gorde eta berriro bizi nahi liratekeen uneenak. Filmak haurtzaroko une argitsu horietako bat partekatzera gonbidatzen gaitu, basoan barrena neskari jarraituz, Untxi Zuriaren antzera, neskarengandik (ber)ikasiz, geure eginez haren mundu ikuskera, haren ukimena. Hala, zinemagilearen azazkal margotuko eskua Ninaren azazkal margotuko eskuarekin nahasiko da azkenean. Edo zinemagilea bera da, haur garaian? Era horretan, berriro kontaktatu ahal izango du familia grabazioetan jasotako haurtzaroko oroitzapenekin, zeinak iritsiko diren saldoka. Matrioxka bat irekitzean bezala, figura handiaren barruan ezkutatutako figura txikiagoa agerian utziko du: olatuetan saltoka dabilen nerabe bat, kamerari begiratzen dion gorriz jantzitako neskatxa bat, dantzan dabilen neska are txikiago bat (basoan bildutako hostoen herbario bizidunaren nerbiazioen antzera egiten du dantza). Jolas moduko forma libre bat, non desegin egiten diren ohiko mugak (landarea/gizakia, heldua/haurra), non denbora desordenatu egiten den. Ipuinak bezain forma labur bat, non murgil gaitezkeen begirada serioaren mundura, oinetakoen eta lotu beharreko lokarrien mundura itzuli aurretik. Xilofono baten notak bezain arina eta baso magikoan barrenako haurtzaroko ibilaldi bat bezain ludikoa den forma bat. Haurren begiez ikus dezakeenarentzat, zinema liluramendua da.
Frédérique Monblanc