Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Carlos Casas (zuzendaria) eta Margot Meccarekin (programatzailea).
* Pertsona fotosentikorrentzat kaltegarria izan daiteke.
Arrantzale bakarti bat banbuzko plataforma batean bizi da Krakatoa uharte bolkanikoaren aurrean, Indonesian. Gau aztoragarri batean arrainak desagertu egingo dira, eta ondoren, erupzio suntsitzaile batek eta tsunami batek lurralde ezezagun batera botako dute protagonista.
1883an Krakatoa sumendiak eztanda egin zuen, azken mendeetako kataklismorik suntsitzaileenetako bat izanik, eta inoiz entzundako soinurik bortitzena izan zela pentsatzen da. Carlos Casas (Cemetery, 2020) diziplina anitzeko artistak apokalipsiaren bidezidorren zeharreko bidaia bat hasten du bere filmean Roni Herliansyah-rekin batera; 2018an sumendi beraren erupziotik bizirik atera zen Herliansyah. Jules Vernek irudikatutako espediziotik (Lurraren bihotzeraino) krisi ekologikoak markatutako testuinguru garaikidera, obrak soinu-esperimentazio liluragarria (Nicolas Beckerren diseinuarekin), eztanda kromatikoa eta eraikuntza erritmikoa antolatzen ditu, errealaren eta fikzio espekulatiboaren artean kokatzen den narratiba hibrido batetik abiatuta. Casasek proposatzen digun esperientzia zentzumenen esplorazioa da, non fluxu hipnotiko batean elkartzen diren ezezaguna dena, natura menderakaitza eta ingurumen-kontzientzia; planetaren indarrarekin zirraratzeko eta bertan bizi garenon kalteberatasuna sentitzeko leku bihurtzen da, hala, zinema-aretoa.
Miquel Martí Freixas