Nazioarteko estreinaldia
Topaketa zirraragarria hirurogeitaka urteko bi herrenen artean
«Nahi duzue filma kontatzea?»
Kafetegi bateko terrazan, emakume batek film baten lehen eszena kontatzen die bi laguni. Lagunak Pascale Bodet eta Bojena Horackova dira, biak zinemagileak, baita aktoreak ere. Istorioa kontatzen ari den emakumea Anne Benhaïem da: zinemagilea bera. Aktorea ere bada. Filma harena da. Hura da protagonista nagusia. Annek bere burua antzezten du: Parisen bizi den emakume bat, iktus bat izan duena eta herrenka dabilena. Eta, hortaz, poliki mugitzen dena. Izenburuko barearen antzera. Segundo batzuen buruan barraskilo batekin talka egingo du: Serge Blazevic, margotzen duen gizon bat; hark ere bere burua antzezten du. Talka horrek hasiera emango dio ipuin moderno bati, geldotasunaren gorazarreari. Handik dabilen zerbitzari batek altxatuko ditu lurretik. Baina ez dira oso urrutira joango. Parisen kafetegi bat omen dago hiru metrotik behin: pelikularen herena baino gehiago kafetegi terrazetan gertatzen da. Lagun zinemagileekiko hitzorduak, filma mugatzen dutenak, eta bi protagonistak kopak hartzen. Haien ezusteko —nahitako— topaldia filmaren fikziozko aitzakia da. Fikzio trama minimalista da, eta aukera ematen du gorputz mugatuak erakusteko eta horrelakoek eguneroko egoeretan izaten dituzten arazoez hitz egiteko. Ezohiko erregistroa erabiliz: bizitzari umorez aurre egiten dioten hirurogeitaka urteko bi pertsonen arteko istorio erromantiko bat. Umore sakona darabilte, eztia, zehatza. Ez dituena saihesten ez zailtasunak, ez bidegurutzeak, ez drama. Baina dramarik egin gabe. Xalotasunez. Eta xalotasun hori du ezaugarritzat, halaber, muntaketak, bere soiltasunean, elipsietan. Intimitate ederra eraikitzen du: birentzako pijama batena. Burbuila hauskor bat eratzen du bi protagonisten inguruan, izan kalean, hegaztiz betetako parke batean, edo haien apartamentuetan, zeintzuetara elkar gonbidatzen duten, gonbidatzen gaituzten. Barearen eta barraskiloaren arteko elkarrizketetan benetako konplizitatea sumatzen da, jolastearen gozamena. Izan ere, elkarrizketa asko bat-batekoak dira. Bat-batekotasun horrek filma blaitzen du, eta edertasun berezia ematen dio, eta pelikulak askatasun zoragarria iradokitzea lortzen du. Horren oinarria da arreta samurra eskaintzea aurrean dagoenari, giza harremanei, hutsala dena poesia bihurtzen duten xehetasunei —izan oin biluziak, zinta itsasgarri zati batzuk zuhaitz enbor batean, frutaren muina…—. Arreta eskaintzea istorioak partekatzeko aukera ematen duten xehetasunei. Amaieran, zinemagileak lekukoa pasatuko die lagunei: garrantzitsuena istorioak kontatzen eta haiekiko interesa izaten jarraitzea da.
Frédérique Monblanc