Nazioarteko estreinaldia
Dena maila berean dago ni eta nire aurriak nire aurriak eta nire barrenak etzanak eta ni eta ni barruan etzanik.
Film honek pobretasunean sakontzea proposatzen digu. Dokumentatzen duen eskastasunaren pobretasuna, eta pelikularen jarrera artistikoaren pobretasuna, arte povera delakoaren zentzuan, estetika filosofiko gisa. Jarrera hori sistema burgesaren balioen aurkakoa da, eta lurra, kartoia, arrokak eta antzeko materiak interesatzen zaizkio. Eta istorioetan sofistikazio oro alde batera uzteko joera du. Jarrera horrek haizearen zarata parasitoa besarkatzen du, soiltasuna aukeratzen du. Baina hoztasunik gabe. Soiltasuna borondatezkoa da, askatasunerako bidea, espazio handiagoa uzteko pertzepzioari, sentikortasunari. Jarrera pobrea da, eta pobretasunean oinarrituta sortzen du, modu konpultsiboan. Konpultsio hori bistakoa da lurreko argazki segidetan: paisaia-palimpsestoaren denborazko geruzen oroitzapenak gordetzen dituzten plano sekuentzien modukoak dira. Eta bistakoa da, halaber, idazteko moduan: mugimenduan dagoen pentsamendua da, urgentzia, bizi bulkada. Horren adibide da izenburuan aipatzen den sekuentzia, non zinemagile-protagonistak bidean topatzen dituen aran urtsuak jaten dituen, kamerak berak jango balitu bezala. Izan ere, prunelle hitzak ez du ‘aran’ bakarrik esan nahi; ‘begi nini’ ere bada —eta begirada, metonimiaz—. Kamera subjektibo bat, kamera-begirada bat. Itxurazko baldartasunaren atzean begirada sentikor, desafiatzaile eta zehatz bat dago, eta ingurua arakatzen du, askok begiratzen ez diotenari erreparatuz, bazterrek erakarrita. Eta agerian uzten du nolako dotorezia izan daitekeen bazterretan, hutsaltasunean, egunerokotasunean. Hori da, hein batean: egunerokotasunaren asmakizuna, Michel de Certeauk teorizatutakoa bezalakoa. Praktika argiak eta sormena erabiliz (argazkiak, tinta txinatarrez egindako margolanak, zinema, idazketa, kontakizunak eta abilezia erretorikoak, aurkikuntza poetikoak, objektuen eskuzko sorrera…), eta nolabaiteko insubordinazioaz espazioa bereganatuz, egileak erresistentzia taktika bat deskribatzen du, gauzak eta pertsonak, ordena soziopolitikoa eta haren indarkeriak antolatzen dituen kontsumo gizartearen Arrazoi teknikoarekiko erresistentzia taktika bat. Pierre Louaprek bere poiesis propioa sortzen du, aukera ematen duena bertan dagoenaren figuratik haratago joateko; eta (auto)ezagutzarako bidea ere bada. Munduaren irakurketa berezia egiten du, errealitate dislokatu baten kanpoko eta barruko paisaiak konbinatu eta metaforizatzeko ahalegina, eta modu hunkigarrian erakusten du abandonatutakoaren alde gizatiarra, gizakien presentziak utzitako aztarnak edo forma antropomorfikoak erabiliz. Ikusezin bihurtutakoa agerian uzteko ekintza bat da, «ongi begiratuz gero» ikusten dena agerian uztekoa.
Frédérique Monblanc