Estreinaldia Espainian
Ez da harritzekoa krimenaren eszena deitzea. Material-bilketa orok gauzen esanahia aldatzen du, erlikiatik txatarrera, eta alderantziz.
1910eko hamarkadan, Kolonbian, Theodor Preuss etnologo alemanak bertako piezak eta piezen kopiak biltzen ditu, Europara bidaltzeko. 2020ko hamarkadan, kolonbiar zinemagile batek bilduma horri buruzko film bat egiten du. Ehun urte baino gehiago igaro dira. Begiradak, jakintzak eta ideiak aldatu egin dira. Nola egin daiteke, gaur egun, azalpenean eroriko ez den pelikula bat, ez gaituena jarriko adituen lekuan, zeinak gai diren iraganeko eta urrutiko kontraesan guztiak hautemateko baina ez diren ohartzen kontraesan horiek begira ditugula eta zalantzan jartzen gaituztela? Zinemagileak istorioaren elementu guztiak erakusten dizkigu, baina ez digu gidarik ematen, ez die diskurtso bat inposatzen. Haien heterogeneotasuna errespetatzen du; desbiderapenak eta enigmak onartzen ditu; elkarren ondoan jartzen ditu oraina eta iragana, aspaldiko piezak eta oraingo lanak, idazketaren ikaskuntza eta zuraren leunketa, XX. mende hasierako Europako diskurtsoa eta aldi berean egungoa eta aspaldikoa den diskurtso autoktonoa. Istorioa distantziez osatuta dago, eta zinemagileak ez ditu ez ezabatzen, ez disimulatzen. Kulturen arteko distantziak, kontinenteen arteko distantziak eta denboren arteko distantziak. Badaki zinemak urruti dagoena hurbil diezagukeela, baina distantzien artea ere bada. Arte horrek filmatutakotik oso hurbil sentiaraz gaitzake, eta, aldi berean, beti distantzia bat geratuko dela ulertaraz diezaguke. Arte horrek ikusarazi egiten digu, eta, aldi berean, puntu itsuak sortzen ditu. Ederra da ulertzen duguna, baina are ederragoa da ulertu gabe ikusten duguna, jakinik baduela zentzuren bat baina zentzu hori ez duela mugatuko gure jakintzak, gure ziurtasunak. Eta, azken batean, maskaren istorio bat ere bada guztia. Ezin besterenduzko maskarak, beren kultura utzi ezin dutenak. Eta baita bizitzan daramatzagun maskarak ere; gure bizilekuaren eta garaiaren ondorioz eraman behar ditugun maskarak. Beste garai edo leku bateko maskarak, baina baita gaur egungoak ere, orain eta hemen, pelikula ikusten dugun bitartean jantzita daramatzagunak.
Pablo García Canga