Estreinaldia Espainian
Josephek urteak daramatza hirian bueltaka, bere gurditxoarekin tonaka paper eta mota guztietako objektuak biltzen. Modu honetan, bere etxean labirinto kaotiko bat sortu du. Erudizio handiko gizona da. Etxea antolatzen lagunduko diot.
Hasieran ez dugu jakingo hondoa jo duen ontzi batean ote gauden eta ahal duguna berreskuratu behar ote dugun. Sabaian kulunka dabilen lanpararen azpian mota guztietako objektuak daude pilatuta. Interesgarriak al dira? Kopuru handiak, pilaketa horrek egiten ditu baliotsu; jasotzen hasten garenean egiaztatuko dugu.
Gizon bat eta emakume bat gainezka eginda daude, objektu horien guztien kaosa antolatzea baitagokie, eta zer bota behar den eta zer gorde daitekeen aukeratu behar dute; larrituta, baina umore onez ekingo diote lanari. Emakumea filmaren egilea da, Messaline Raverdy belgikar errealizatzailea, eta desordena hori guztia Joseph Rosenzweig-ek eragin du; aguretxoa paperak, panpinak, kableak eta lupak bildu eta bildu aritu da, baina badirudi trikimailu bat lantzen aritu dela, bere digresioak entzungo dituen norbait izateko ondoan, begiratuko dion norbait.
Filmean, artxiboko materialarekin batera, bideo eta super-8 formatuetako grabazioak bildu ditu Raverdy-k Josephen erretratua egiteko; agurearen diskurtsoa ez da pentsa litekeen bezain aldrebesa, eta haren bizitza kontatuko digu, atalka, fenomeno natural handi zein mikroskopikoetan oihartzun bitxia aurkitzen duten ataletan. Mundua ere elementuen pilaketatzat hartzen da azkenean, eta ahal duenak antola ditzala, desordena nagusi den etxearen xehetasun gogaikarritik espazio irekien zabaltasun freskagarrirako bidea agertzen digun film honetan, baso itxietan barrena trenez egiten diren bidaiak eta jaiotzear dauden neskatoei harrera egiteko agurrak ere jasota.
Eta, azkenean, Joseph Rosenzweigi agur esango diogu, urrutian, txiki-txikia, paisaiaren ertz batetik makurtuta aurrera doan bitartean, aterki bat hartuta eguzkiaz babesteko, Alexandro alde batera baztertu orduko Diogenes Txakurra berotu zuen eguzki berberaz babesteko.
Bárbara Mingo Costales