Estreinaldia Espainian
Guadalete ibaiaren ibilbidea, Cádizen, menditik itsasora: beste paisaia batzuk ezkutatzen dituzten paisaien katalogo bat, benetako ekintza eta animazioa uztartzen dituen dimentsioarteko portal (eta postal) bilduma bat.
Zer egin dezake zinemagile batek? Portales lanaren erantzuna argia da: munduarekin mirariak trukatzea. Horretarako, Guadalete ibaiari gertutik jarraitzen dio, Cadizko mendilerrotik Puerto de Santa Maríaraino. Batzuetan, oinez, besteetan, autoz, beste batzuetan, txalupaz edo dragoi ontziz. Jasotzen dituen mirariei —ibai baten barruan eta inguruan egon daitekeen guztia— beren pisua itzultzen die atentzioan. Argiari erreparatzen dio; dena ukitzen du, eta guztian desberdin islatzen da. Ibaiari erreparatzen dio, baina baita iturburuei, ur jauzi txikiei eta zurrustei ere. Argi hori harrapatzen du eta soinu horiek imitatzen ditu, ibairanzko bide hori musikal bihurtuz. Lehenengo, zurrustek eta ur jauziek abesten dute; ondoren, asmatutako musika tresnek, Duquek berak eta Antoñita Peñuelaren Carceleras del puerto lanak. Musika harrietatik ateratzen da literalki, eta etengabeko maitasun ariketa horretatik: harrapatzetik esku hartzera. Portales lanak gauza ugari imajinatzen ditu existitzen denaren gainetik: animalia eta landare tropikalak, urruneko lekuen mapak, senidetutako geografiak. Formak irudikatzen ditu formen gainean, eta denaren eta film batek soilik egin dezakeenaren arteko muntaketak sortzen ditu forma horiekin. Hau da: existitzen den mundu bat hartu eta hari abestiak asmatzea, dela soinuzkoak, dela marraztuak. Film honetan ia ez dago esku hartu gabeko planorik, plano bakoitza dagoenaren festa bat izango balitz bezala, haren mailan dagoen zerbait asmatzeko ahaleginean. Portales lanean zinema naturarekin bat egin dezakeen zerbait izango balitz bezala agertzen da, zentzumenekin ideiak sortzeko. Asmo bat eta fede bat ematen dizkio. Norabide bat ematen dio, ibaian behera, itsasorantz.
Lucía Salas