Mundu mailako estreinaldia
Eskandinaviar herrialde batetik etorritako gizon batek frankismo garaiak birsortuko ditu, propio diren eta beste batzuen oroitzapenen bidez.
REMEMBERING FRANCO filmak, tituluak iradoki dezakeenaren kontra, ez dakar gogora diktadore bat, ezta zehazki diktadura frankistaren garaia. Gogora dakarkigu urte haietako une bat, baina batez ere leku bat, La Herradura herria, eta garai hartan bertan bizi zen jendea. Narratzaileak -Eskandinaviako herrialde batetik etorritako gizon bat- dionaren arabera, Granadako itsasertzeko herri txiki hori, Mediterraneoko arkadia moduko bat eta “feniziarren, erromatarren, mairuen, juduen eta baita kristauen sorterri ere”, zoriontasunak, baretasunak, edertasunak, jakituriak, gau magikoek, hondartza amaigabeek eta oroitzapen ahaztezinenek taxututako babeslekua izan zen. Hala ere, bertan bizi ziren pertsonaia askotarikoentzat (besteak beste, Bob Dylanen hater kataluniarrak edo Pasternak irakurtzen bizilagunak negarretan utzi zituzten errusiarrek), beren garai historikotik kanpo bizi zirela ziruditenentzat, 1955eko Bandungeko Konferentzia edo Ho Chi Minh vietnamdar buruzagi komunistaren eta Zeng Xueming-en arteko ezkontza kezka iturri ziren.
REMEMBERING FRANCO ebakinez, zuzendariak bildutako bizitza zati eta kontakizunen bildumaz, osatutako album bat da. “Zorioneko herrixka” horren mikrokosmos partikularra eraikitzeko, errepikapenen eta itzuleren bidez, besteren oroitzapenak eta anekdotak iragazi eta bahatzen dituena. Pelikulak leku baten eta pertsona erreal batzuen memorien transmisio eta eraldaketa lan bat egiten du. Alde batetik, borondate ludiko eta ironiko bat, kontakizunaren magiarekin jolas egin eta esperimentatzeko nahia eta, bestetik, dimentsio malenkoniatsu bat, ia-ia elegiazkoa (narratzailearen eta zinemagilearen ahotsa modu desberdinean partekatzen dutenak) konbinatzen ditu.
Miguel Zozaya