Estreinaldia Espainian
Ariane Bergrichterren marrazkietan oinarritutako film honetan artistak hain maitea duen Brusela herrikoi eta koloretsuan sakontzen du. Bizitza psikiko konplexu bati aurre egin behar izan zion artistak eta, adierazi zuenez, hirian bere bizi-energia aurkitu zuen.
Ariadnaren haria izenburuak berak labirinto bat iragartzen digu. Hari hori izan zen Ariadnak baliatutako trikimailua, Teseok labirintoan sartu, minotauroa hil eta irteteko bidea aurkitu ahal izateko. Oraingoan, haria Ariane Bergrichterren Bic bolaluma dela pentsa dezakegu, hogei urtez Bruselako kafetegi batean eserita kale-eszena nabar eta biziak marraztu baitzituen. Boligrafoz egindako trazu hori al zen ahotsez betetako labirinto mental batean erabat ez galtzeko modua? Hori al da izenburuko Ariadnaren haria? Edo agian idazten zuen egunerokoa al zen, orain off-ean entzuten baitugu, bertan ia itotzeraino? Baliteke. Baina filmean beste hari batzuk ere igartzen ditugu. Adibidez, auzoko azoka txikian ikusten ditugun lepokoen hariak. Hari hori hautsiz gero, aleak lurrera eroriko dira, galdu egingo dira. Baina hariak eusten dion bitartean, ale hutsal horiek, berez baliorik gabeak izan arren, lepoko bat osatuko dute. Filma, Ariane Bergrichterren marrazkien moduan, laburra baina nabar eta bizia da, hiriaren planoz, marrazkiz, ahotsez, lekukotasun laburrez egindako lepoko bat bezalakoa, non aldi berean maitasuna eta bakardadea igartzen diren. Lepoko bat, ale horiek gal ez daitezen. Lepoko bat, bizitza bat gal ez dadin.
Pablo García Canga