Estreinaldia Espainian
Mutil batzuk saltoka, katu batzuk miauka, emakume zahar bat erretzen, gazte batzuk dantzan, ehorzlea hasperen egiten. Herri fantasma bateko biztanleak dira denak. Beirut, jada ametsetan bakarrik existitzen da.
Ahotsak entzuten ditugu. Ametsak kontatzen dituzte. Gerraz eta heriotzaz betetako ametsak dira, etsipen eta amorruzko ametsak, baina baita bizien eta hilen arteko muga desitxuratzen duten ametsak ere. Horietako batean, aita batek hildako semearekin egiten du amets. Ea non aurki dezaken galdetzen dio aitak. Zera erantzuten dio semeak: Murgiltzen nintzen arroketan nago. Fátima, Mariam eta Katiaren bihotzetan nago. Zure oinen azpian nago. Edonon nago. “Edonon nago” hori da, nolabait, filmaren miraria. Aurpegirik gabeko ahotsak daude, eta ahotsik gabeko aurpegiak ere bai. Aurpegiak daude hiriko hormetan, karteletan. Adin guztietako emakumeak eta gizonak ibiltzen, dantzatzen, erretzen, zukua prestatzen, urrutira begiratzen, joan-etorrian dabiltza. Filmean agertzen eta desagertzen dira, iheskor. Batetik bestera irristatzen ari gara, konturatu gabe, baina emakume bakoitza eta gizon bakoitza funtsezkoak zaizkigu une batez. Haietan guztietan, Beiruteko edozein txokotan, edozein keinutan, han dago, egiaz, aitak bere ametsean bilatzen duena, bere semea ez den arren, nolabait bere semea ere baden hori. Bizitzak eta hiriak gainezka egiten diote filmari, edo, hobeto esanda, filmak badaki hiriak gainezka egin diezaion uzten, ordu erdi pasatxoan bere bizitza eta ametsen alderdi infinitu eta preziatua susmarazten digun modu bat asmatzen du.
Pablo García Canga