Estreinaldia Espainian
Zinemagilea Indiaren askatasunaren alde borrokatu zuen familia batean hazi zen, baina ez zuten horretaz hitz egiteko ohiturarik. Orain, ideologo nagusiak herrialdearen historia berridazten ari diren honetan, oroitzapen pertsonal hutsa baino baliotsuago bihurtu da etxeko film gisa hasi zen obra hau.
Filmaren izenak inbertsio bat iradokitzen du. Dokumental asko saiatzen dira erakusten familia bakoitza mundu bat dela, baina arraroagoa da familia nuklearraren kontzeptu pribatizatua zabaldu eta mundu guztia bertan kabitu ahal izatea. Hemen, azken ehun urteetako Indiaren eta Pakistanen historia nahasia da «mundu guztia». Zinemagilearen familia guztiaren –aitona-amonak, gurasoak, osaba-izebak, denen lagunak...– biografiak eta Gandhi, Tagore, Nehru eta Krishnamurtirenak gainjarrita daude. Familia loturak lasaitu eta kasta sisteman oinarritutako gizartea atzean utzi nahi zuen mende bateko historia eszenaratu da filmean. Familia politikoaren kontzeptua literal bihurtu da.
Historia filmaren egituran hedatu da guztiz. Kontakizun historikoak familiako gertaera biografikoen artean txertatu dira, batzuetan parentesi gisa, baina era berean, gainbehera eta birsortze ziklo gisa planteatuta dago film osoa. Gurasoak zahartzen eta gaixotzen ikustean, haiek grabatzen hasteko lotsa gainditu du zinemagileak, oraindik jakin gabe keinu horrek beren herrialdeko egungo arazoetan integratuko eta islatuko dituela. Mundura itzuliko dituela.
Manuel Asín