Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Federico Cammarata, Filippo Foscarini (zuzendariak) eta Margot Meccarekin (programatzailea).
Baso bat Serbiako mugan. Alde batean, Schengen eremua. Beste aldean, gaua eta passeur direlakoak, zeharkatzeko aukeraren zain dauden mugalariak. Iluntasunaren hondotik, Europari buruzko begirada gupidagabea itzultzen digute.
Argi bakan batzuek koadro beltza zeharkatu eta ingerada zehaztugabeak marrazten dituzte; elkarri istorioak kontatzen, akordioak egiten eta urrun dagoenarekin hitz egiten duten siluetak bizi diren kanpamentu bat osatuz. Europa ertzeko eremu horretan, espazioari eta denborari buruzko erreferentziak galdu egiten dira eta gaua animalien eta gizakien soinuek animatutako lurralde lausotu, elkartu eta urrun bihurtzen da. Gauak ezkutatu eta aldi berean babestu egiten du, baina bero-ganberen begirada bortitzaren eraginpean dago. Gauean, ahotsak aitorpenez, intimitatez eta eguneroko elkarrizketez egindako paisaia bihurtzen dira; mugaren presentziak, aldiz, mehatxatu egiten du, arrisku isil batek bezala. Filippo Foscarinik eta Federico Cammaratak bi atalase dituen eta Europa gotorlekuaren alde honetan bizi denarentzat ezkutatuta dagoen eremu baten deskribapena egiten dute, itzalei presentzia eskainiz. Zinema-aretoa ikusezina denari begiratzera behartzen gaituen gailu bihurtzen da. Eta basoko iluntasunaren hondotik, basoan bizi diren gizakiek begirada lazgarria eta errukigabea itzultzen digute.
Margot Mecca