Punto de Vista jaialdiak erreferentzia eta gida etengabea du Jean Vigorengan; urtero saiatzen gara hori horrela mantentzen, lantzen eta estimulatzen, haren alaba Luce Vigo-ren eskutik: zinemagilea, zine-kritikoa eta jaialdiko kolaboratzailea. Jaialdiaren izena ere, zinemagile horrek erabili ohi zuen esamolde batetik dago hartuta ("punto de vista documentado"), eta 2007tik hasita, Jean Vigo saria ematen zaio zuzendari onenari.
Zinema mutu eta soinudunaren arteko mugan, abangoardia historikoek forma errepikakor eta akademikoetan behin eta berriz ez erortzeko berriztatzea behar zuten sasoian, zirkulu eta mugimendu artistikoetatik urrun, eta bere emazte Lydu Lozinska-rekin partekatutako bakardade arraro batetik abiatuta, Jean Vigo modu ausartean sartu zen zineman, nolabaiteko mundu amateur batetik abiatuta.
Maximilian Le Cain-ek Senf Cinema-n adierazi bezala, hasiera-hasieratik bere zinea "dokumentalean errotuta egon arren, era berean, hori baino haratago joan da". Miguel Marías-ek idatzi bezala, lehen izan zen, akaso, zinema artifizialki banatu izan ohi den bi oinarrizko joeren" arteko bateragarritasuna frogatzen: Argazkigintzakoa, objektiboa, neutrala eta errealista, dokumentala eta ez-narratiboa; eta antzerkigintzakoa, subjektiboa, fantasiaduna eta manipulatzailea, fikziozkoa eta progresiboki interesatua, hala istorioaren eraikuntza dramatikoan, nola irudien estilizazioan".
Bilketa-lan izugarria egin zuen, bai eta ordura arteko zinearen laburpena ere. Horrez gain, etorkizunera begira egindako lana burutu zuela esan daiteke: Jean Vigoren lanetan, zinemagintza orokorraren eta ez-fikzioaren ildo berritzaile eta indartsuenak ageri dira Bere sasoiko jendea filmatu zuen Jean Vigok, etorkizunean iraun zezaten. Hori horrela, bere zinemagintzak hamarkada, zinemagintzako mugimendu nahiz belaunaldi ugaritan zehar bidaiatu arren, behin eta berriz kolpekatu gaitu, gaur egunekotasun osoz.
Azkena izango balitz bezala filmatu zuen Jean Vigok pelikula bakoitza; hala ere, plano bakoitzak egindako lehenengoa zela ematen zuen. Bere bizitzako lehenengo planoa. Lehengo aldian gauzak egiten diren ausardia eta inozentziarekin. Horregatik, Jean Vigorengan pentsatzen dugun bakoitzean, zinemaren birsortzea datorkigu burura. Zinemagintzaren hogeita hamar urteak laburbildu ez ezik, etorkizuneko iraultza guztien oinarriak ere finkatu zituen.