ALBISTEAK |
---|
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdiak lotu egin ditu Kondestablearen Civivox zentroan egitekoa den programazioaren azken xehetasunak. Zentro hori lehiaketaren egoitza da eta akreditatuen topagunea ere bai. Mahai inguru batek emanen dio hasiera egitarauari otsailaren 23an eta, ondoko egunetan, Panorama INAAC atala hartuko du. Jaialdiaren atal horretan aurkeztuko dira azken bi urte honetan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako dokumentalak. Haietariko bi "work in progress” formatuan emanen dira, hau da, oraindik bukatu gabe daudela. Horrela, ohiko emanaldia izan beharrean, filmetako protagonisten eta ikusleen arteko topaketa bat izanen da, lanek zer sormen prozesu izan duten azaltzeko eta lanen zati batzuk erakusteko.
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdiaren zazpigarren edizioko bi egoitzetako bat Kondestablearen Civivox zentroa izanen da. Akreditatuen topagunea biltzeaz gain, Iruñeko Alde Zaharraren erdian dagoen historiaz jantzitako eraikinean, mahai inguru bat ere eginen da, bai eta “Panorama INAAC” izeneko atala ere, bost film-emanaldirekin. Jarduera guztiak doakoak izanen dira, baina guztietarako ere gonbidapenak jaso beharko dira Kondestablearen zentroko harrera-lekuan, ordubete lehenago.
Programa otsailaren 23an, asteazkenean, hasiko da, 19:30ean, mahai inguru batekin. Honatx izenburua: Lo personal es politico. Un recorrido transnacional por las intersecciones entre feminismo y documental. Ekitaldian, Jaialdiko “Lo personal es político” zikloa programatu dutenak arituko dira; hau da, Sophie Mayer eta Elena Oroz, baita IPES elkarteko kideak ere: Zinea eta Emakumearen Nazioarteko Erakustaldia antolatzen duen elkarteko kideak, alegia. Erakustaldi hori Espainian antolatu zen era horretako lehen ekimena izan zen eta, aurtengoan, 25 urte bete ditu.
Otsailaren 24an, ostegunean, “Panorama INAAC” atalari emanen zaio hasiera, azken bi urte honetan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako dokumentalen erakustaldia. Film-emanaldi guztiek aurkezpena eta solasaldia izanen dituzte, zinemagileen eskutik edo film bakoitzeko taldeetako beste kide batzuen eskutik.
Ostegunean bi saio eskainiko dira. Lehenbizikoa 18:00etan hasiko da, bi film labur emateko: Notes on the Other (Espainia, 2009), Sergio Oksman-ek egindakoa. Gidoilaria Carlos Muguiro izan da, eta 13 minutuko iraupena du. Lanak beste pertsona bat izateko beharraren zergatia planteatzen du, oinarri harturik, batetik, Ernest Hemingwayk Sanferminekin izandako harremana eta, bestetik, iparramerikar idazlearen dobleen ugaritzea. Beste film laburra No crecen (Espainia, 2009) da, José Luis Roig-ek eta Ezequiel Degastaldi-k egindakoa. Espainiako zezen-plazetan barrena egindako bidaia da “El bombero torero” ikuskizuneko nano-koadrilaren eskutik, artista horien bizipozak, kezkak eta aurre egin beharreko zailtasunak erakusteko.
Bigarren saioa 19:30ean hasiko da, Olivier van der Zee zinemagilearen 778 La Chanson de Roland (Frantzia/Espainia, 2009) lana emateko. Filmak 1200 urte atzera egitera gonbidatzen gaitu, europar kulturako literatur lanik zaharrenetako eta ezagunenetako baten jatorriak eta esanahia bilatzeko, oinordetzan jaso dugun funtsezko lana baita.
Otsailaren 25ean, ostiralean, El doctor (Espainia 2010-2011) lana aurkeztuko da 19:30etik aurrera, Jesús López-Sanzek egindakoa. Filma “work in progress” (oraindik bukatu gabe) formatuan egindako bi lanetako bat izanen da, bi-biak “Panorama INAAC” atalean aurreikusitakoak. Filmak zinemagilearen aitaren bizitzako ibilbidea kontatzen digu, hau da, Jesús María López-Sanz iruindar pediatra ezagunarena, XX. mendeko Nafarroan hainbat kirol-ekimen bultzatu zituena.
Bestalde, “work in progress” formatuko bigarren filma otsailaren 26an aurkeztuko da, larunbatean, 19:30etik aurrera. Ikusleek Pura Vida (Espainia 2010-2011) filma ikusteko aukera izanen dute, Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak egindakoa. Filmak Iñaki Ochoa de Olza iruindar mendizalea erreskatatzeko saiakera biltzen du.