Las
cosas
que no
fueron
también
son
es | eu | en
hasiera  |  2021ko albisteak  |  María Salgado, Vera Mantero, Sam Green eta Fermín Jimenez Landa izango dira DOKBIZIA sailean aurkituko ditugun izenetako batzuk
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2021.02.18
María Salgado, Vera Mantero, Sam Green eta Fermín Jimenez Landa izango dira DOKBIZIA sailean aurkituko ditugun izenetako batzuk
María Salgado, Vera Mantero, Sam Green eta Fermín Jimenez Landa izango dira DOKBIZIA sailean aurkituko ditugun izenetako batzuk

DOKBIZIA sailak hainbat diziplinatako artistak bilduko ditu, hala nola dantza, musika, zinema eta poesia.

DOKBIZIA sailak errealitatea artetik, performancetik, antzerkitik edo poesiatik pentsatzeko hainbat modu ekarriko ditu Punto de Vistara, hainbat artista, zinemagile eta teorikoren eskutik, besteak beste Lois Patiño, C.W. C.W. Winter, María Salgado, Fermín Jiménez Landa, Vera Mantero, Oier Etxeberria, María Salgado, Xabier Erkizia eta Sam Green.

2018an sortu zen DOKBIZIA, diziplinarteko topaketa bat, errealitatearen inguruan lan egiten duten artisten eta hizkuntzen arteko gurutzaketa bultzatu nahi duena. Programa honek pantaila barruan nahiz handik kanpo lantzen du dokumentala, eta ibilbide bat proposatzen du hainbat formatutan: proiekzioak, konferentzia performatiboa, ekintzak, pieza eszenikoak eta performanceak.

Jaialdiaren edizio honetan zinemaz forma guztietan gozatu ahalko dugu. Hala, C.W. Winter-ek eta Anders Edström-ek zuzendutako The Works and Days filmetik jaiotako soinu pieza bat entzun ahalko dugu, baita Fermín Jimenez Landak gidaturiko Jorge Oteizaren bi eskulturaren arteko paseo bat egin edo poema baten irakurketatik (María Salgado) sortutako performance bat ikusi ere.

DOKBIZIAn bildutako jarduerak Baluarten, Gayarre Antzokian, Iruñeko planetarioan eta Iruñeko Ziudadelaren eta Oteiza Museoa kokatuta dagoen Altzuza herriaren arteko ibilbide batean egingo dira.


DOKBIZIAREN PROGRAMA OSOA

Luces recorren mi garganta. Lois Patiño eta Xabier Erkizia
“Eguzkia lehertu egin zen bere betazal itxien atzean” Mishima.

Lois Patiñok eta Xabier Erkiziak elkarrekin dabiltza lanean egun, soinuaren eta irudiaren adierazpen-ahalmenak zinemaren konbentzioez haratago esploratzen dituzten hainbat proiektutan. Planetarioko espazioa esploratu ahal izatea aukera bikaina da muga horiek gainditzeko. Saioan, bi proiektutarako egiten ari diren hainbat proba ikusi ahal izango ditugu. Proiektuak Samsara eta El sembrador de estrellas dira. Lehenak heriotza-zikloaren eta birsortze budistaren ideia lantzen du, eta bigarrenak Tokio gauez ikusteko kontenplaziozko esperientzia eskaintzen du.

Lois Patiño galiziar zuzendari ezaguna da; bere bideoak eta bideoinstalazioak nazioarteko arte zentroetan egon dira ikusgai, eta bere filmak zinema jaialdi ugaritan: Berlin, Locarno, Rotterdam, New York, BAFICI eta Oberhausen, besteak beste.

Xabier Erkizia ekoizle eta soinu artistaren lanaren ezaugarri nagusia entzumena eta soinua barne biltzen duen komunikazio edo sorkuntza forma ororen gaineko jakin-mina eta ikerketa dira. Askotariko diziplinatan diharduten artistekin aritu da lankidetzan (estudioan eta zuzenean), hala nola Mattin, Eddie Prevost, Ilios, Alan Courtis eta Iñigo Telletxea.


Gidoi bat Labururentzat. Oier Etxeberria
Idazle afizionatu batek –hori ere Oier Etxeberria izenez– gidoi zinematografiko bat idatzi du Aita Laburu  postjesuitarentzat. Iragan-etorkizun batean garatzen da filma, Loiolako basilika eta munduaren parte handi bat Nahimenen Gehitzaileak subsumituak izan diren garai batean. Tramankulua Aita Laburuk diseinatu zuen bere lagun Ricardo Barojak sortutako zientzia-fikziozko El Pedigree antzerki-lanerako. Filmaren bilbea eta amaiera argitu gabe, aurkezpenak makina optiko haren funtzionamendua hobeto ulertzeko balio izango du; izan ere, makinak eredu antropologikoak (izaki bizidunak), eta ez errepresentazio soilak, proiektatzeko gaitasuna zuen.

Artista eta musikaria, Visita y anatomía de la cabeza del Padre Laburu (San Telmo. Donostia) edo Ambras (LLS Paleis. Anberes) ditugu bere erakusketen artean. Akauzazte musika-taldeko eta AmatauTV proiektuko kidea izan da. Cristina Enea Fundazioko erakusketa-arduraduna izan zen, eta bertan Las patatas y las cosas: Lurpeko istorioak edo ¿Cuánta tierra necesita un hombre? erakusketen komisiario-lanak egin zituen. Musikari gisa, hainbat lan editatu ditu, besteak beste, C14 edo Locuela (música celestial).



The Caldeirão Highlanders, exercises in fictional anthropology. Vera Mantero
Vera Mantero dantzari eta koreografoak Caldeirão mendilerroaren (Portugal) desertifikazioa bisualki biltzen duen film hau aurkeztuko digu.

“Lan hau Encontros do DeVIR jaialdirako sortu eta Algarve (Portugaleko hegoaldean) barnealdeko Caldeirãoko mendilerroaren basamortutze- edo gizagabetze-prozesuaren inguruan garatu zen. Mendian filmatu dut eta nire irudi batzuk gehitu ditut baina, batik bat, Michel Giocomettiren filmak erabili ditut, laneko abestien grabazioak, batez ere. Caldeirãoko menditarren ‘irudi orokor’ honekin, galdu dugun ezagutza daukaten hainbat pertsonari zuzentzen natzaie, gorputzaren eta espirituaren, eta bizitza arruntaren eta artearen arteko loturaren gaineko jakitea dutenei, hain zuzen: berreskura dezakegun (eta, gure hobe beharrez, berreskuratu behar dugun) ezagutza. Amaieran, kortxozko nire enbor ederrarekin dantza bat egingo dut; horra, nire gorazarrea ezagutza horri”. —Vera Mantero.

Vera Manterok dantza klasikoa ikasi zuen Anna Mascolorekin eta Gulbenkian Balleten aritu zen dantzan 1984 eta 1989 urteen artean. 1987an koreografiak sortzen hasi eta 1991tik Europa osoan, Argentinan, Uruguain, Brasilen, Kanadan, Singapurren, Hego Korean eta Estatu Batuetan bere lana aurkezten ibili da, bai bakarrik bai taldean. Noizean behin, inprobisazio-proiektu internazionaletan parte hartzen du Manterok, inprobisatzaile eta koreografoekin batera, hala nola Lisa Nelson, Mark Tompkins, Meg Stuart eta Steve Paxtonekin. 2000tik, ahots-lanketa esploratzen ibili da, bai beste autore batzuen errepertorioa kantatzen bai musika esperimentaleko hainbat proiektutan sortzailekide izaten. Aldizka, konposaketa eta inprobisazioa irakasten du.



Salitre. María Salgado
“Garai bakoitzak dituen irakurketa-estiloez eta barne hartzen dituen testuez haratago (edo honatago), eta poemak ozen eta isilean irakurtzeko diren partiturez haratago (edo honatago), zer desberdintasun dago poema bat irakurtzearen eta poema bat irakurtzearen artean ez? Beti pentsatu izan dut desberdintasuna (pausa, tonua) oso arina dela, eta poesiak hizkeraren eta errezitatuaren eta, gero, errezitatuaren eta spoken word-aren artean egiten dituen maila horiek guztiak ere poesia direla. Pieza honekin, poema baten irakurketaren performance sinpleena egin nahi dut Salitre liburuko (ametsak kontatzeko hizkuntzan idatzita) poemak zabaltzeko”— María Salgado.

María Salgado (Madril, 1984) poeta da, eta lengoaia lantzen du testu, audio-testu eta ekintzetan. Bost poesia-liburu argitaratu ditu: Ready, Hacía un ruido, Frases para un film político eta Salitre, besteak beste. 2012tik, soinua agertokian esploratzearen inguruan aritu da Fran MM Cabeza de Vaca konpositorearekin. Ikertzaile independentea, idazlea eta museo eta kulturguneetako irakaslea izan da, eta Seminario Euraca ikertzaile-taldeko, hau da, irakurketa, idazketa eta pentsamendu kolektiboko gailuko, kide da. L/E/N/G/U/A/J/E/o aldizkariaren editorea da.



VACACIONES. Fermín Jiménez Landa
DOKBIZIArako Fermín Jiménez Landak Iruñea eta bere inguruetan barrenako ibilbidea prestatu digu.

“Oso goiz, hainbat ordutako ibilaldia egingo dugu Jorge Oteiza eskultorearen Retrato de un gudari llamado Odiseo (Odiseo izeneko gudari baten erretratua) lanaren (Ziudadelan) eta Altzuzako iturriaren artean dagoen espazioa zeharkatuz. El final de un vacío es el principio de otro proiektuaren parte den ekintza kolektibo moduko bat, Oteiza Museoarentzat egina. Oteizaren hutsa lanerako gai gisa planteatzen dut, baina ez eskultura bateko elementuen artean sortzen den hutsa, haren bi eskulturen artean sortzen dena baizik. Horrek poetikoki aktiboak diren berrogeita hamar zentimetro luzeko espazioetara eramaten nau, baina baita zazpi mila kilometroko irudizko eskulturetara ere. Eldarniozko laneko printzipio moduko bat da, eta hutsunea nire lanarekin antzekoagoak diren elementuekin lotzera eramaten nau, hala nola ibiltzearekin, kartografiarekin, egoerak sortzearekin eta narrazioarekin, hutsaren gaztelaniazko hitzaren (vacío) sustrai komunean pentsatuz: vago, vacaciones eta vagabundo (alferra, oporrak eta arlotea)”.— Fermín Jiménez Landa
 
El final de un vacío es el principio de otro, Oteiza Museoarentzat egina, Huarteko Arte Garaikideko Zentroarekin batera garatutako eta InnovaCultural, Nafarroako Kutxa Fundazioa eta La Caixa Fundazioaren laguntza duen Hazitegia programaren zati da.

Fermin Jimenez Landak (Iruñea, 1979) ekintzak, esku hartze publikoak, bideoa, instalazioak eta marrazkiak egiten ditu. Baliokidetasun, alderantzikatze eta truke prozesuak lantzen ditu, errealitatea absurdoaren eta zentzudunaren, maitagarriaren eta ikonoklastaren, enpirikoaren eta inbertigarriaren arteko distantziakidetasunetik ikusarazten digutenak. Proiektuak garatu ditu Manifesta 11 biurtekoan; Zapopango arte museoan, Artiumen, MUSACen eta CA2M-n; Künstlerhaus Bethanien-en, Botín zentroan, La Casa Encendidan eta Moisés Pérez de Albéniz, Travesía Cuatro eta Nogueras Blanchard galerietan. 



The Works and Days: The Black Sections. C.W. Winter
Oraingoan, The Works and Days: The Black Sections LParen zati den soinu pieza baten entzute saio bat egingo da Planetarioan. Lana The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin) filmetik sortu zen.

Filma C.W. Winter eta Anders Edströmen bigarren film luzea da, Japoniako Kyoto prefekturako mendiko herri batean hamalau hilabetez filmatutako zortzi orduko fikzio geografikoa. Albuma, berriz, soinu collage bat da, filmeko produkzio materialetik abiatuta berrargitaratutakoa, eta Tim Berne & Bill Frisell, Tony Conrad, Graham Lambkin, Mary Jane Leach, Alvin Lucier, Phill Niblock, Folke Rabe, Éliane Radigue eta Akio Suzukiren musika laburpenak biltzen ditu.

C.W. Winter Newport Beachen jaio zen, Kalifornian. 2020an, Artearen Teoria eta Praktika doktoregoa amaitu zuen Oxfordeko Unibertsitatean. MFA egin zuen California Institute of the Arts unibertsitatean, non Thom Andersen, James Benning eta Allan Sekularekin harreman estuan ikasi zuen. Anders Edströmekin bi film luze zuzendu ditu: The Works and Days eta The Anchorage. Bere idatziak Cinema Scope, Moving Image Source, Purple eta Too Muchen agertu dira. Gaur egun irakaslea da Royal College of Art unibertsitateko Eskultura Sailean. Oxforden bizi da, Erresuma Batuan. 



7 Sounds. Sam Green.
Sam Green zinemagileak eta JD Samson musikariak ordenagailutik urruntzeko eta hemen eta orain entzuteko esperientzian arreta jartzeko eskatzen dizute. 7 Sounds murgilketako audio eta bideo lan bat da, zuzenean transmititua, soinuaren eragin unibertsala aztertzen duena. Lanak audioko zazpi grabazio lotzen ditu, soinuak denbora tolesteko, mugak zeharkatzeko eta gure pertzepzioa sakonki moldatzeko duen ahalmenari buruzko meditazio batean, gure eguneroko mundua entzuteko modu berriak irekiz.

Sam Green New Yorken bizi den dokumental zuzendaria da. Greenen zuzeneko dokumental berrienen artean daude A Thousand Thoughts (2018, Kronos Quartet-ekin), The Measure of All Things (2014), The Love Song of R. Buckminster Fuller (2012, Yo La Tengo-rekin) eta Utopia in Four Movements (2010). Bere The Weather Underground film luzea Sundancen estreinatu zen, Oscarretarako izendatua izan zen eta mundu osoan proiektatu da.

JD Samson MEN taldeko liderra da, bai eta Le Tigre banda elektroniko-feminista-punk eta performance proiektuaren herena ere. Hamarkada bat baino gehiagoz, JDk –artista, musikaria, ekoizlea eta DJa– birak egin ditu mundu osoan zehar, Grammya irabazi duten artistentzako abestiak ekoitzi ditu, besteak beste HuffPost eta Talkhouse guneetarako idatzi du, multimedia artea sortu du, programa dokumentalak aurkeztu ditu, emanaldiak egin ditu, modeloa izan da eta hainbat kausa aurrerakoi babestu ditu zuzenean. JD New Yorkeko Unibertsitateko Clive Davis Institute of Recorded Music-eko arte irakasle laguntzailea da.

itzuli

BULTZATZAILEA
Gobierno de Navarra
ANTOLATZAILEA
NICDO
LAGUNTZAILEAK
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes AudiovisualesAcción Cultural Española
BABESLEAK
Ayuntamiento de PamplonaGoethe InstitutCentro de Arte Contemporáneo de HuarteTeatro GayarreLa Fábrica
PARTAIDEA
PantallaIberofestLa Mesta
KOLABORATZAILEA
Filmoteca de NavarraPlanetario de PamplonaMuseo OteizaMuseo Universidad de NavarraFilmoteca Española
CinetecaFilmoteca CatalunyaInstitut FrançaisHotel Tres ReyesHotel Maisonave
KOMUNIKABIDE KOLAB.
Radio 3

Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información