Vol. 1
Peter y Zsóka Nestler
Se acercan otros tiempos.
Textos, imágenes, conversaciones
Vol. 2
Reinald Schnell y Peter Nestler.
Campesinos que pintan cuadros
Aurtengo argitalpena «Beste garai batzuk datoz | Es nahen andere Zeiten. Peter Nestlerren filmak» atzerabegirakoaren osagarria da. Bi liburuki ditu: lehenengoa Peter beraren eta Zsóka Nestlerren nahiz kolaboratzaile hurbilekoenen dokumentuen miszelanea bat da, haren lanak beti izan zuen orientazio kolektiboa azpimarratzen duena: Zsóka Nestlerren, Rainer Komersen, Reinalden, Robert W. Schnellen eta Peter beraren testuak eta elkarrizketak, horienak eta horiekin, baita zenbait gidoi ere, eta Peterren azken filmetako baten filmazioaren egunerokoa, Picasso en Vallauris (2021) lanarena, Bassem Pablok idatzia eta irudiztatua; eta material grafiko ugari, nahiz sei hamarkadatako lana barne hartzen duen filmografia iruzkindu bat.
Bigarren liburukia Bauern Malen Bilder (Nekazariek margolanak margotzen dituzte) liburuaren kopiaketa bat da. 1974an Alemanian argitaratutako liburu horrek Peter Nestlerren eta Reinald Schnellen testuak eta argazkiak biltzen ditu. 1964an, Greziarako bidean, Jugoslaviako herri bati buruz hitz egin zieten: Kovacica, «nekazari margolarien herria». Bertan zirela, ilundu berritan, non gera zitezkeen galdetu zioten gizon bati. Lastozko lastairak zeuzkan hoteltxo batean amaitu zuten, eta ikusi zuten halako herri txikian hamazazpi margolari zeudela. Zenbait bidaia egin zituzten herrira; artistak eta haien familiak ezagutu zituzten, eta haien lanak eta teknikak aztertu. Nestlerrek argazkiak atera zituen; Schnellek oharrak idatzi zituen, eta janari, edari eta margolan artean izandako elkarrizketetatik atera zen liburu bat, orain estreinakoz argitaratu dena alemana ez den beste hizkuntza batean, eta egileen hasierako plana betez, gainera: hots, margolanak koloretan agertzea, jatorrizko edizioan zuri-beltzean bakarrik inprimatu ahal izan baitziren, arrazoi ekonomikoak tarteko.
Atzerabegirakoaz eta argitalpenaz honako hauek arduratuko dira: Ricardo Matos Cabo programatzaile portugaldarra, besteak beste 2012-2013an Londresen Peter Nestlerri buruz egin zen atzerabegirakoaz ere arduratu zena, eta Lucía Salas programatzaile, kritikari eta zinemagile argentinarra, jaialdiko programazio batzordeko kidea. Eta Goethe-Institut Madrid institutuaren laguntza dute.
NICDO, S.L.k sustatua eta banatua.