Korrespondentziak, pelikulen gisako gutunak liburuan, eskutitz askok adiskidetasun sekretuak ez ezik (Louis Lumière eta George Méliès), kolaborazio ezezagunak (Orson Welles eta Robert J. Flaherty) edo eskutitz horiek gabe dokumentatuta geratuko ez ziren proiektuak ezagutzera ematen dituzte (Maya Derenen asmoa zirkuari buruzko film bat egiteko, Pasolinik Jacques Tatiri egindako proposamena Porcile filmean parte hartzeko); beste eskutitz batzuek lankidetza baten amaiera adierazten dute (Marguerite Duras, Alain Resnaisi gidoi bat proposatzen. Ez zuen onartu eta Durasek berak filmatu zuen). Beste eskutitz-truke batzuek laguntza eskatzen dute sorkuntzaren inguruko nahaste-uneetan (Paul Sharitsek Stan Brakhageri, Stan Brakhagek Hollis Framptoni, Gregory Markopoulosek Stan Brakhageri), une historiko garrantzitsuei buruzko informazioa biltzen dute (gerra F. W. Murnau edo Robert J. Flahertyren kasuan, Indonesia, Italia edo Frantziako egoera politikoa Joris Ivens, Pasolini edo Truffauten kasuan), bidaia baten kronika gisa ageri dira (S. M. Eisenstein, Chick Strand eta Ron Ricek Mexikotik, Warren Sonbertek Marokotik, Resnaisek Hiroshimatik, Ivensek Australiatik, Peter Huttonek Alemaniatik, Murnauk Letoniatik, Allen Ginsbergek Indiatik) edo beste poeta batzuk agurtzen dituzte (Eric Rohmer, Anne-Marie Miéville edo Chris Markerren eskutitz-eskaintzen gisara).
Eskutitz bat, gauza guztien gainetik, denboraren kapsula txiki bat da: Jonas Mekasen haurtzaroaren oroitzapenak, portaeraren aldakuntzak, eskutitzetan gauzak adierazteko modua edo hizkuntza erabiltzeko modua –besteak beste, Jean Vigok Jean Painlevérekin egindako eskutitz-trukearen berezitasunetatik hasita. Zinema deitzen diogun gauza hori pentsamendu osatugabe gisa hartu behar da, orrialde batzuk kendu dizkioten ipuin gisa. Irakurleak zulo horiek bete behar ditu. Hori da liburu honen bokazioa, istorio-liburuetatik norbaitek kendu zituen orrialdeek, zeruan, bi ozeanoren artean hegan aurkitzen ditugun orrialdeek osatutako liburuarena. Orrialdeok besoak zabalik jasotzen ahalegintzen gara.
Garbiñe Ortegak eta Francisco Algarinek argitaratua.
Nafarroako Gobernuko Argitalpen Fondoak sustatua eta banatua.