Nilo, Aniene, Argens, Escalda, Rhin, Duero, Danubio, Sena, Niagara, Hudson, Mississippi, Outaouais/Ottawa, Detroit, San Lorenzo, Desna: amets eta kondaira izenak, literaturak eta musikak erabiliak edo baztertuak, ezagunak eta ezezagunak, gertukoak eta oso urrunekoak. Programa honetako ibaien izenak dira.
Aurrera egiten dutelako eta atzera sekula egiten ez dutelako, urak etengabe berritzen direlako, ibaiak beti parekatu dira, alegorikoki eta modu nekagarrian, gai garrantzitsuekin, hala nola denboraren igarotzearekin eta identitatearekin. Zail egiten da berez existitzen direla ohartzea, baita filmetan ere. Ongi begiratuta, Jaunaren artearen gailurtzat har litezke, baina ozta-ozta balio dute zinez oso fotogenikoa den agertoki ibiltariarena egiteko eta giza azpijokoei marko bat eskaintzeko. Ibai bakoitzeko ehun dike, esklusa, zirga bide, zubi eta portu ikusiko ditugu. Hogei ontzi makal bakoitzeko. Berrogeita hamar draveur (enbor garraiolari) eta kastore bat. Arrain beti arrantzatuak edo atzemanak izateko zorian. Eta presak ikusiko ditugu, ibaiei eragin dakiekeen indarkeriarik handienaren erakusgarri.
Ibaiek ura banatzen dute, eta gure espezieak berehala esku hartu zuen banaketa horretan. Hantustez eta asmorik onenekin entzungo ditugu «kontrol» eta «menderatze» hitzak ahoskatzen ideologikoki kontrako erregimena duten herrialdeetan, baina «natura hor eta musu truk» dagoelako funtsezko ideiarekin bat etorrita. Gainera, kontserbatzeak ez du arrastorik uzten, ez du ondoriorik eragiten, suntsitzeak bai. Hilezkortasunera hormigoiaren bidez (Halaxe gertatu zen, esate baterako, ingeniari eta idazle ospetsu batek «fosiltzat» jo zituenean hark diseinatutako urtegi batek, bere izena daramanak, urpean utzitako eskualdeak).
Hala eta guztiz ere, horren guztiaren aurka eta filmen alde, zinemako ibaietan eta Arga ibaian –argi eta distiratsu adierazten duen arg- horrekin– egingo dugu topo, distira egin dezaten eta argitu gaitzaten.
Miriam Martinen programazioa eta testuak