castellano | euskara | english
Facebook Twitter Flickr YouTube RSS
hasiera  |  acerca de
ACERCA DE
PUNTO DE VISTA NAZIOARTEKO MINTEGIA 2014

Izoztutako irudia, hotzean filmatzeko ikuspegiak
Aurten ere, Punto de Vista jaialdian mintegia egingo dugu, jaialdiko deialdi baten eta bestearen arteko zubi-lana egiten duen irakaskuntzarako eta filmak erakusteko topaketa, alegia. 2012an bezala, nazioarteko bi zinemagile gonbidatu ditugu: gurean apenas lanik aurkeztu duten IGNACIO AGUEROk eta PEMA TSEDENek zinemaz eta lan egiteko moduaz zer ikuspegi duten azalduko digute. Horrez gain, zinemagile horien atzera begirako erakusketa izango dugu ikusgai. Gainera, X Films proiektuaren edizio berri bat eta amaiera-ekitaldi berezia antolatu ditugu.
Mintegira bertaratzen direnek Ignacio Aguero zinemagile txiletarraren obran sakontzeko aukera izango dute. Eskarmentu handiko zuzendaria da eta dokumental oso garrantzitsuak egin ditu. Lan horietan hasierako ideia hautsi egiten du beti, eta horixe egin du azkenekoan ere, El otro día izenekoan, maisuki. Filmaren argumentua gorabeheratsu bezain etorkizun handikoa da,bere etxeko tinbrea jotzen duen jendeari buruzkoa, hain zuzen.Harekin egongo da Pema Tseden zuzendari tibetar gaztea, filmak Tibeteko hizkuntzan egiten dituen tibetar bakarra. Orain arte arrakastaz gainditu du Beijingeko zentsura, hiru film luze egin baititu. Modu oso erakargarrian filmatzen du Tibeteko ohituren azkena, hain usatua den dokumental faltsua baino egokiagoa den formula baten bitartez, fikzio faltsuaren bidez, hain zuzen.
Beraz, otsailean zinema dokumentala izango dugu berriz ere ikusgai Iruñean; aurten, zikloari “Izoztutako irudia” izena jarri diogu. Punto de Vista jaialdia eguraldi txarra egiten duenerako aterpetxe baten modukoa da gure bisitarientzat. Iruña, otsaila, elurra eta zinema esaldi bereko hitzak dira, eta urtero berresten ditugu, zazpigarren artea sutondoko kontakizun zaharren jarraipen bihurtuz. Eta giro hotz horri Ignacio Agueroren izotzezko ametsak eta Pema Tsedenen oxigenorik gabe lurralde garaietan egindako zinema gehituko dizkiogu oraingoan. Beste behin, negu gorria ospatuko dugu Punto de Vista jaialdian.
Gainera, X Films proiektuaren beste edizio bat antolatu dugu, urteroko ohiturari euste aldera. Hala, hiru zuzendari berrik beren lanak aurkeztu eta beren proiektuak defendituko dituzte. Halaber, 2011n aukeratutako filmaren aurkezpen publikoa egingo dugu. Film hori Francina Verdesen La Tradición da. Viver eta Auritz artean egindakoa denez, elurrez beteriko paisaiez gozatuko dugu.
Amaiera-ekitaldian jaialdiaren hurrengo edizioetan jarraipena izango duen espazio berri bat estreinatuko dugu: “Zinema pentsatzea”. Ekitaldia otsailaren 22an, larunbatean egingo da, iluntzeko 20.00etan eta Snow Movies izena izango du; izan ere, elurrarekin zerikusia duten eta elurra goratzen duten hainbat pieza bilduko ditugu. Saioa Menchu Gutierrez olerkari espainiarrak zuzenduko du. Gure garaiko saiogile eta idazle onenetako bat da, Decir la nieve liburuaren egilea; liburu horretan funtsezko hainbat ideia bildu ditu, denak oso zehatzak, antolatu dugun programarekin laguntzeko aproposak.
OHARRAK:
Mintegian izena emateko epea azaroaren 4an irekiko da.
Goizeko saioak mintegian izena eman dutenentzako bakarrik dira. Arratsaldeko proiekzioak, berriz, edonork ikus ditzake, leihatilan sarrera erosi ondoren.
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información