CAMP izenpean diharduten Shaina Anand eta Ashok Sukumararen arabera, “itsasontzi batek botere handiak ditu: eraikitzen denean gizarte bat batzen du, ondasunak banatzen ditu, eta pertsonak eta ideiak garraiatzen ditu inoiz baino desberdinagoak iruditzen zaizkigun lekuetan barrena”. Dokumentazio kolektiboko egitasmo honetan, Indiako Kutch Golkoko merkataritza marinelak bidaian doaz Arabiako Itsasotik Pertsiar Golkora, baita urrutirago ere, eta era guztietako salgaiak garraiatzen dituzte. Lau urtez bildutako materiala erabilita, CAMPek HD bideo bat ontzen du, marinelek berek telefono mugikorrez eta bideokamerez hartutako irudiekin. Testura heterogeneo hauek –argitasun gardenetik pixelazio piktorikoraino– uztartu egiten dira Bollywood edukiekin eta marinelek aukeratutako kantu erlijiosoekin, eta emaitza film bildumazale bat da, aldi berean erakusten dituena intimitate ukigarri bat eta irismen handi bat, alaitasunez, adiskidetasunez, elkartasunez eta baikortasunez beteriko itsas langileria baten lekukotasun gisa. “Egiazko gertakarietan eta egiazko gertakarien bideoetan oinarritzen den film” honek –horixe dio hasierako tituluak– harrigarriro gogorarazten digu honako hau: gure sistema globala, sarritan “kapitalismo kognitibo” gisa definitzen bada ere –informazio trafikoa, lan immaterialak elikatutakoa–, oraindik oinarrituta dago egiazko ondasunak fabrikatu eta garraiatzen dituzten egiazko gorputzen lan fisikoan.