Otar Iosseliani zinemagile georgiarra izango da Punto de Vista jaialdiko ohorezko azken gonbidatua eta ostiral honetan, hilak 13, eta larunbatean, hilak 14, bertan izango da bere dokumentuzko obraren hautaketa bat aurkezteko eta bere zinemari buruzko master class bat emateko.
Zinemagileak birritan hartuko du parte Punto de Vista jaialdiaren programan. Batetik, Chez les Basques zikloko atzera begirakoaren azkeneko atalean, Ipar Euskal Herrian filmatutako zinema dokumentalari buruzkoan; bertan, Euskadi été 1982, Heleta eta Pagola herrietako jaiei eta abesti tradizionalei eskainitako filma aurkeztuko eta eztabaidatuko da.
Horretaz gain, Saio Berezien atalean ziklo bat eskainiko zaio; horretarako, bere dokumentuzko obratik bost film hautatu dira: film luzeen artetik Y la luz se hizo eta Un pequeño monasterio en Toscana; eta film laburren artetik, Tudzhi, Viejas canciones georgianas, eta Sapovnela. Zinemagile georgiarrak aurkeztuko ditu horiek guztiak Carlos Reviriego kazetaria eta zinema-kritikaria lagun duela.
Chez les Basques zikloa Chris Wertenbaker-en bisitarekin irekiko da, Ziburun hazitako haurra, Orson Welles-i lagundu ziona euskaldunen artean paradisuaren bila zinemagileak 50eko hamarkadan egin zituen dokumentaletan. Otar Iosseliani-rekin batera, biak izango dira ohorezko bi gonbidatuak aurten Jaialdiak ospatzen duen bere bederatzigarren edizioan. Chez les Basques programaren goiburuan, bi protagonistak beren hirietan, New York eta Parisen, ikus daitezke.
Ostiralean, hilak 13, arratsaldez, bi programatan, bere filmak aurkezteaz eta eztabaidatzeaz gain, Otar Iosseliani-k larunbatean, hilak 14, master class bat emango du goizeko 11:00etatik aurrera, akreditatuei zuzenduta. Zinemagilearen presentziak eta bere zikloaren programazioak Bilboko Institute Français institutuaren lankidetza izan dute.
Wertenbaker eta Iosseliani ez dira Chez les Basques zikloko filmak aurkezteko Jaialdiak izango dituen protagonista bakarrak. Film haien filmaketan parte hartu zuten hainbat pertsonaia ere Iruñean izango dira zikloari beren babesa emateko, horien artean, besteak beste, Beñat Toyos (Orson Welles-ek Ziburuko frontoian “txapelduna” deitu zion haurra); Jean Paul Idiart (Ortzaitzeko artzainaren semea, Coloradon bizi izan zena eta zinemagile amerikarrak ingelesez elkarrizketatu zuena) eta Terexa eta Mitu Goicoechea (Otar Iosseliani-k dokumentalaren hasieran filmatu zuen Azkaingo parrokian ospatzen zen ezteietako bi protagonistak). Chez les Basques zikloko protagonista horiei buruzko datu gehiago esteka honetan datoz.