Beatriz Navas, Catarina Boieiro eta Daphne Xu izango dira Punto de Vista jaialdiaren sail ofizialaren nazioarteko epaimahaikideak

Beatriz Navas, Catarina Boieiro eta Daphne Xu izango dira Punto de Vista jaialdiaren sail ofizialaren nazioarteko epaimahaikideak
2026/02/26

Apirilaren 25ean –larunbata– egingo den jaialdiaren amaiera ekitaldian emango dira Film Onenaren Saria, Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria eta Film Labur Onenaren Saria.

Punto de Vistak jakinarazi du nortzuk osatuko duten apirilaren 20tik 25era Iruñean egingo den 20. edizioaren Nazioarteko Epaimahaia: Beatriz Navas –analisi filmikoan doktorea, plat.tv plataformaren sortzaileetako bat eta kulturan, zineman eta sormen industrietan aditua–, Catarina Boieiro –ekoizlea, kuradorea eta ikertzaile independentea– eta Daphne Xu –artista eta zinemagilea–. Epaimahaikideen eginkizuna izango da erabakitzea zein izango diren jaialdiaren hiru sari nagusiak jasoko dituzten sail ofizialeko pelikulak eta zinemagileak: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia –10.000 euro–, Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria –5.000 euro– eta EITBk babestutako Film Labur Onenaren Saria –3.000 euro–. Horiez gain, bi aipamen berezi ere eman ahal izanen dituzte, diru saririk gabe. Sari horiekin batera, sail ofizialaren barruan, beste bi hauek ere banatuko dira: Publikoak hautatutako Film Onenaren Sari Berezia –1.650 euro– eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzaz –1.500 euro–.

Bestetik, zabalik dago jada Gazteen Epaimahaiko kide izateko izen-ematea, jaialdiaren webean. Gainera, online eska daitezke ere profesionalentzako, ikasleentzako eta prentsarako akreditazioak. Programazio osorako publiko guztiarentzako sarrerei dagokienez, salgai jarriko dira martxoaren amaieran, jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan.

 

Beatriz Navas

Beatriz Navas Valdés Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta Madrilgo Unibertsitate Complutense-an egin zuen doktoretza, Analisi Filmikoan. 2018tik 2023ra, ICAAko (Zinema eta Ikus-entzuneko Arteen Institutua, Kultur Ministerioa) zuzendari nagusia izan zen, eta aurretik Madrilgo La Casa Encendida kultur zentroko Ikus-entzunezkoen Saila (2008-2014) eta Arte Eszenikoen eta Ikus-entzunezkoen Saila (2014-2017) zuzendu zituen. Zinema esperimental eta independenteko plat.tv plataformaren sortzaileetako bat da, eta Y ahora, lo importante (Penguin Random House, 2018) obraren egilea. 2024tik 2026ra, Europalia ESPAÑA (Belgikako hainbat hiritan egin den diziplina anitzeko biurtekoa) jaialdiaren ikus-entzunezko programaren komisarioa izan da.

 

Catarina Boieiro

Catarina Boieiro dokumentalen inguruko ikerlari eta ekoizle independentea da, eta erakusketetan, filmen ekoizpenean eta argitalpen proiektuen koordinazioan aritzen da. Gaur egun, Portugalgo Doc's Kingdom-eko zuzendarikidea da. Yrupé filma ekoitzi du, Candela Sotosen lehen film luzea, Visions du Réel jaialdian (2025) estreinatu eta Seminci eta Márgenes jaialdietan saritu dutena. Ana Vaz edo Filipa Césarren filmen ekoizpenean eta banaketan lan egin du, eta ‘Resistência Visual Generalizada - Livros de fotografia e movimentos de libertação’ liburua argitaratu du, Raquel Scheferrekin batera (ATLAS, 2025), Paris Photo–Aperture Photobook Awards sarietan Urteko Argazki Katalogorik Onenaren atalean nabarmendu dutena. Gainera, bere lana programatu eta aurkeztu du hainbat erakundetan; hala nola LE BAL, Círculo de Bellas Artes, Les Rencontres d 'Arles, Portugalgo Zinemateka edo Cine Cauce topaketa.

 

Daphne Xu

Tokiko politika eta poetika aztertzen dituen artista eta zinemagilea da Daphne Xu. Bere lanak etengabe aldatzen diren hirietan garatzen dira, lekualdatzeen eta errotzeen artean, ezabapenaren eta mitoaren artean, harrapatutako emakumeen eta diasporako subjektuen barne-bizitza deskribatuz. Xuk 16 mm-tan eta formatu digitaletan egiten du lan, kamera inprobisaziorako eta topaketarako tresna moduan erabiliz. Xuren filmak jaialdietan eta erakundeetan estreinatu dira, hala nola Torontoko Nazioarteko Zinemaldian, Museum of Modern Art museoan, eta Visions du Réel eta Cinéma du Réel jaialdietan. Azken horretan, Laburmetraia onenaren saria irabazi zuen 2025ean. MacDowell eta Media City Chrysalis plataformetako kidea da.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.