Filmografia: Saturn and Beyond (2021), The Hopeless End of a Great Dream (2016), Wreckage in May (2015), The Most Cruel of All Goddesses (2015), Group Portrait with Explosives (2014), We Are Not Like Them (2013), Cologne Overnight (2010).
FID Marseille, St. Petersburg International Science Film Festival
Estreinaldia Espainian
Gauza asko ikasten dira Saturn and Beyond filman. Gai askori buruzko tratatu gisa hasten da dena; hasiera batean desberdinak dira gaiak, baina pixkanaka-pixkanaka elkarrekin lotzen dira. Aurkezle bikain batek, zinemagilea bera izaki, hainbat gairi buruz eskolatzen gaitu: elektrizitateari buruz, gutapertxa miragarriari buruz, Irlandak haridun eta haririk gabeko telegrafiaren garapenean duen zeregin erabakigarriari buruz, espezieak duen urrunetik komunikatzeko irrika handiari buruz, Morse eta Marconiri buruz, lehen hegaldi transozeanikoei buruz, Saturnori eta haren eraztunei buruz, haren ilargietako baten lurpeko itsasoei buruz, garunean dabiltzan seinale elektrikoei buruz, eta, azkenik, Alzheimerrak munduan izan duen aurrerapen geldiezinari buruz. Gai horiek guztiak modu logikoan uztartzen dira, gero eta korrespondentzia zabalagoen eta trabatuagoen bidez, metodo zientifikoan edo muntaia zinematografikoan bezala. Eta orduantxe hasten dira gutxitzen, irudi hauskorragoa osatzen: Alzheimer gaitza du zinemagilearen aitak ere, Paddy Clarkek, lanbidez argiketaria. Marconiren garaiko erlikiak, hark apaltasunez bildu zituen berberak Irlandako komunikazioen lehen museorako, handik gutxira itxi bazen ere. Morseren telegrafoak uhartearen mendebaldeko muturretik ozeanoan zehar bidali ahal izan zituen seinaleak, seinale elektrikoak, ordurako museoko zuzendariaren garunaren zati batzuk zeharkatzeari uzten ari zitzaizkionak bezalakoak. Astronomoek, gaur egun, Saturnoren ilargi baten lurpeko uretan zunda espazialekin bilatzen duten bizitza, harengan ezarian itzaltzen ari zena. Planetaren eraztunak, emakume astronomo batek honela deskribatzen dituenak «hondakinen hodei birakari baten kolapsoaren amaierako estadio naturalak», aitaren ezkontza eraztunaren ez hain bestelakoak, zeina, aita hil ondoren semeak kartoizko kutxa txiki batean gorde baitu. Gizakiek berezkoa dute beren buruarentzat dena izatea, eta ezer ez izatea osotasunerako. Malenkonia deitzen diogu kide izate faltaren sentimendu gogoetatsu horri.
Manuel Asín